Emakume bakoitzaren beharretara egokitutako erantzunak, indarkeria matxistaren askotariko formen aurrean
Aurten ere kanpaina bateratua jarri dute martxan Emakumeon* Etxeak eta Zumaiako Udalak Azaroaren 25aren ataritan. Indarkeria matxistaren askotariko formak ezagutarazteaz gain, emakumeei gogorarazi nahi diete bakoitzaren neurrira egokitutako baliabideak eta laguntza profesionala eskura dituztela Zumaian bertan.
Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira, Zumaiako Udalak eta Emakumeon* Etxeak egitarau zabala antolatu dute azaroan. Hitzaldien, jardueren eta mobilizazioaren bidez, indarkeria matxistaren askotariko formak landuko dituzte, gogorarazteko indarkeria fisikoa eta sexualaz gain, psikologikoa eta ekonomikoa ere izan daitekeela.
Indarkeriaren askotariko formak ezagutarazteaz gain, prebenitzeko eta horiei aurre egiteko tresnak eta estrategiak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Kanpaina herriko kaleetan ikusiko da kartel, loneta eta pegatinen bidez, eta etxe guztietara bidaliko dute Emakumeon* Etxean eskaintzen diren zerbitzu eta baliabideen inguruko eskuorri informatiboa, Azaroaren 25aren bueltan antolatutako egitarauarekin batera.
Iaz egin bezala, Indarkeria matxistak forma asko ditu leloa hautatu dute aurten ere, eta, besteak beste, ziberindarkeria, misoginia, manosfera eta erresistentzia feministak izango dituzte hizpide.
Emakumeon* Etxea, erreferentziazko espazioa
Indarkeria matxistak askotariko formak ditu, eta emakume bakoitzaren egoera, denbora eta beharrak desberdinak dira. Horregatik, funtsezkoa da emakume bakoitzaren beharretara egokitutako arreta eta laguntza eskaintzea.
Emakumeon* Etxea erreferentziazko espazioa da emakumeentzat. Bertan, informazioa, orientazioa eta laguntza profesionala jaso ditzakete, baita ahalduntze indibidual eta kolektiborako prozesuetan parte hartu ere. Zerbitzuak doakoak eta konfidentzialak dira, eta laguntza jasotzeko ez da beharrezkoa salaketa formala aurkeztu izana.
Harremanetarako eta larrialdietarako telefonoak
-
Emakumeon* Etxea: 633 432 762. Aurrez hitzordua hartuta, telefonoz edo Whatsappez.
-
Eusko Jaurlaritzaren arreta-zerbitzua: 900 840 111. Doakoa eta anonimoa, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan.
- Gizarte Zerbitzuak (Branka): 943 86 22 00. Aurrez hitzordua hartuta.
-
112: larrialdietarako telefonoa.
Azaroa, indarkeria matxistaren aurkako hilabetea
Azaroan zehar hainbat hitzaldi eta jarduera egingo dituzte Zumaian, indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa sustatzeko, haren adierazpen desberdinak identifikatzeko eta prebentziorako tresnak lantzeko.
Azaroak 13, ostirala
18:30. Descodificar la misoginia: estrategias para la detección y prevención de las violencias machistas hitzaldia, Carmen Ruiz Repulloren eskutik. Gaztelaniaz, Emakumeon* Etxean.
Azaroak 23 eta 24, astelehena eta asteartea
Goizean zehar. Ziberindarkeriari buruzko hitzaldi-tailerra Zumaiako eta Herri Eskolako ikasleekin, Emakumeon* Etxean.
Azaroak 24, asteartea
18:30. Klik baten atzean: manosfera, ziberindarkeria, prebentziorako tresnak eta erresistentzia feministak hitzaldia, Sheila Melcón Lopezen eskutik. Euskaraz, Emakumeon* Etxean.
Azaroak 25, asteazkena
18:30. Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta.
Azaroak 26, osteguna
18:30. Libertad sexual, consentimiento, feminismo: narrativas y transgresiones feministas hitzaldia, Nerea Barjola Ramosek eskainia. Gaztelaniaz, Emakumeon* Etxean.
Abenduak 10, osteguna
18:30. Helenas anzezlana, Bea Insaren eskutik, Emakumeon* Etxean. Gaztelaniaz.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu egitarauko jardueretan parte hartzera, indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia kolektiboa indartzeko eta berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen jarraitzeko.
Albiste erlazionatuak
berdintasuna
- Zumaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du larunbatean gertatutako eraso sexistaren aurka, eta bat egiten du ostiralean egingo den manifestazioarekin 2026/10/07
- Zumaiako Udalak indarkeria sexista kasuetan jarduteko protokolo berritua sinatu du 2026/02/19
- Zumaiako Udalak indarkeria sexista kasuetan jarduteko protokolo berritua sinatu du 2026/02/19



