Zumaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du larunbatean gertatutako eraso sexistaren aurka, eta bat egiten du ostiralean egingo den manifestazioarekin

2026/10/07

Udalak erasotuari, familiari eta bere ingurukoei babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera, Mugimendu Feministak erasoa salatzeko deitutako manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Ostiralean izango da, 18:00etan Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita.

Zumaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du larunbatean adin txikiko bati gertatutako eraso sexistaren aurka, eta babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die erasotuari, familiari eta bere ingurukoei. Udalak bere esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jarriko ditu erasotua izandako emakume gaztearen eskura.

Beste behin ere, argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen. Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria matxista estrukturala da.

Instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea eta Zumaiako Udalak lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurkako borrokan. Halaber, Udalak herritar guztion inplikazioa eskatzen du. Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko.

Horrenbestez, Zumaiako Udalak bat egiten du Mugimendu Feministak erasoa salatzeko egindako deialdiarekin eta herritar guztiei dei egiten die ostiralean (urriak 9), 18:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.