Erkibeko lorategia ireki dute, eta eraikinaren etorkizuna zehazteko herri prozesua aurkeztu
Espazio publikoa berreskuratzeko estrategiaren barruan kokatzen da lorategiaren irekiera. Bizi-kalitatea hobetzea eta komunitatea indartzea ditu helburu nagusi, eta ildo berean kokatzen da etorkizunean eraikin horretan garatu nahi den elikadura burujabetzako proiektua ere.
Erkibeko lorategia herritarren erabilerarako ireki du Zumaiako Udalak. Irekiera ekitaldia giro berezian egin zen, atzo: bertako produktuekin egindako zizka-mizkak eta edatekoak eskaini zituzten, eta dantza ikuskizun batekin hasi eta amaitu zen ospakizuna, Alain Mayaren eta Iñaki Lopezen eskutik. Lorategiaren inaugurazioarekin batera, eraikinaren etorkizuna zehazteko martxan dagoen herri prozesuaren berri ere eman dute udal ordezkariek. Azpimarratu dutenez, espazio berriaren irekiera ez da helburu baten amaiera, baizik eta Erkiberen inguruko hausnarketa kolektibo baten hasiera.
Herri prozesu hori ez da hutsetik abiatu, ordea. Iñaki Ostolaza alkateak gogorarazi zuenez, 2023an Zumaiako Udalak LZB arkitektura kooperatibaren laguntzarekin Erkibe bertako produktuen merkatu bihurtzeko aurreproiektua landu zuen. Era berean, herriko hainbat eragilek elikadura burujabetza ardatz izango zuen proiektu bat sustatzeko proposamena aurkeztu zuten. Orain, urte hauetan guztietan egindako lanketa herritarrekin partekatu, kontrastatu eta aberasteko asmoz jarri dute martxan herri prozesua.
Horrez gain, alkateak azaldu zuen lorategiaren eraldaketak 328.930 euroko aurrekontua izan duela, eta horren %83 Next Generation EU funtsen bidez finantzatu dela. Gainerako zatia Zumaiako Udalak hartu du bere gain. Proiektua Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan garatu da, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen bigarren fasearen baitan.
Hala ere, alkateak nabarmendu zuen hasieratik argi izan dutela ez dela turismoari lotutako esku-hartze hutsa. “Lorategi hau, batez ere, zumaiarrentzat da; herritarrek gozatzeko, elkartzeko eta herriaz beste modu batean bizitzeko espazio berria”, adierazi zuen.
Espazio publiko gehiago herritarrentzat
Argi Yeregi Hirigintza zinegotziaren arabera, Erkibeko lorategiaren eraldaketa ez da proiektu isolatu bat, azken urteetan herrian espazio publikoak berreskuratzeko egin den estrategiaren parte baizik. Ildo berean kokatu zituen Komentuko lorategiaren irekiera eta Marianton parkean aurreikusitako eraldaketa.
Proiektuaren helburu nagusien artean daude Erkibe ingurua herrian integratzea, Eusebio Gurrutxaga plaza eta Ignacio Zuloaga plaza lotuz; herritarrentzat topagune berde berri bat sortzea; eta jasangarritasuna eta klima-aldaketara egokitzea lehenestea. Horretarako, dauden zuhaitzak mantendu dira, espazio berdeak indartu dira eta oinezkoentzako eremu gehiago irabazi dira. Izan ere, Zumaia bizitzeko moduko herria izatera bidean, komunitatea indartzea eta eguneroko bizi kalitatea hobetzeko naturarekiko lotura berreskuratzea ezinbestekoak dira Yeregik aipatu zuenez.
Herri prozesua martxan
Lorategiaren irekierarekin batera, Erkibe eraikinaren etorkizuna definitzeko herri prozesuaren berri ere eman zuten. Gaur egun entzute fasean dago prozesua, eta herritarren, merkatarien, ekoizleen eta gainerako eragileen iritziak eta ekarpenak jasotzen ari dira.
Udalaren arabera, dagoeneko egin dira herritarren eta merkatarien saioak, eta biak jendetsuak eta aberasgarriak izan dira. Ekoizleekin gaur bilduko dira. Saioetan ez ezik, galdetegiaren bidez ere eman ahal izango dute beren iritzia herritarrek, hemen.
Udalak herritarrak parte hartzera animatu ditu, galdetegia betez eta proposamenak eginez. Aurreikuspenen arabera, uda baino lehen entzute faseko lehen ondorioak jasoko dira, eta udazkenean ekingo zaio prozesuaren hurrengo etapari.



