Zumaiako Udalak Erkibeko herri prozesuaren bigarren fasea jarriko du martxan
Merkatariekin eskurik esku abiatuko du Erkibeko herri prozesuaren bigarren fasea Udalak. Urriaren 6an izango da bilkura, eta antolaketa lanak errazteko, bertaratu nahi duten merkatariei aurrez izena emateko eskatu diete turismo bulegoan. Lehenengo faseko ondorioez eta datozen pausoez arituko dira.
Zumaiako Udalak Erkibe eraikinaren etorkizuna lantzeko herri prozesuaren bigarren faseari ekingo dio. Lehen fasean herritarren, merkatarien, ekoizleen eta herriko beste eragile batzuen iritziak eta ekarpenak jaso ostean, orain arteko lanketaren ondorio nagusiak partekatu eta hurrengo urratsak lantzeko saioak egingo ditu.
Bigarren fase honen barruan, merkatariei zuzendutako saio irekia egingo da urriaren 6an, 15:00etan Alondegiko Moila gelan. Bertan, lehen fasean jasotako ekarpenen ondorio nagusiak azalduko dira, eta prozesuaren fase berriaren inguruko xehetasun gehiago eman. Udalaren helburua da Erkiberen etorkizunari buruzko lanketa herriko eragileekin batera egiten jarraitzea.
Herri prozesuaren lehen fasean, entzute eta kontraste lana egin da herriko hainbat eragilerekin. Besteak beste, herritarrekin, merkatariekin eta ekoizleekin egindako saioen bidez, Erkiberen etorkizunari buruzko ikuspegi eta ekarpen ezberdinak jaso dira. Bigarren fasean, jasotako ekarpen horiek abiapuntu hartuta, proiektuaren aukerak eta hurrengo urratsak lantzen jarraituko da.
Aurretik egindako lanketa, herri prozesuaren abiapuntu
Erkiberen inguruko lanketa ez da hutsetik abiatu. 2023an, Zumaiako Udalak LZB arkitektura kooperatibaren laguntzarekin, Erkibe bertako produktuen merkatu bihurtzeko aurreproiektua landu zuen. Era berean, herriko hainbat eragilek elikadura burujabetza ardatz izango zuen proiektu bat sustatzeko proposamena aurkeztu zuten. Orain, aurretik egindako lanketa herritarrekin eta eragileekin partekatu, kontrastatu eta aberastea da helburua.
Saioaren antolaketa errazteko, aurrez izena emateko eskatu dute: Turismo Bulegora jo, 943-14 33 96 telefono zenbakira deitu edo turismoa@zumaia.eus helbidera idatzi daiteke horretarako.



