Euskal Kostaldeko Geoparkean ari dira egiten Sareko XI. Jardunaldi Irekiak
Atzo elkartu ziren Zumaian hainbat geoparketatik etorritako 30 alkate eta ordezkari, eta Aita Mariko zine aretoan egin zieten ongietorria. Gaur, berriz, landa-irteerak egingo dituzte Deban eta Mutrikun.
Euskal Kostaldeko Geoparkean —tartean, Zumaian— ari dira egiten Geoparkeen Sareko XI. Jardunaldiak egunotan. Atzo Zumaian izan ziren, Aita Mariko zine aretoan, eta bertan egin zuten jardunaldien irekiera ofiziala.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea izan zen hitza hartzen lehena, eta hark eman zien ongietorria hainbat geoparketatik etorritako 30 alkateei eta ordezkariei. Irekiera ofizialaren ostean, Lurraren Historiaren irakurketa jarraitua egin zuten bertaratutakoek. Ekimenaren bidez, Espainiako Estatuko 18 geoparkeek denbora-lerro geologikoa osatu zuten, geoparkeek Lurraren historiaren dibulgazioan duten eginkizuna ikusgai jarriz.
Ondoren, mahai-ingurua egin zuten, Lurraren historiaren dibulgazioa eta interpretazioa geoparkeetan nola lantzen diren aztertzeko. Jardunaldiaren amaieran, Euskal Kostaldeko Geoparkean interpretazioari aplikatutako neuromarketing ikerketaren ondorioak aurkeztu zizkieten parte-hartzaileei.
Aita Marin egindako saioak amaituta, geoparkeetako ordezkariek Zumaia ezagutzeko aukera izan zuten. Besteak beste, flyscha oinez eta itsasoz ezagutu zuten, eta, ondoren, euskarari eta euskal kulturari buruzko bisita gidatuan parte hartu zuten.
Gaur, osteguna, landa-irteerak egingo dituzte. Alde batetik, Debako Historiaurreko Bailara (HAB) ezagutuko dute; bestetik, Mutrikuko erdigune historikoa bisitatuko dute, baita bertako frontoia eta zesta punta jokoa ere.



