Euskarazko katalogo berria, merkatarien eskura
Urtarrilaren 7an hasiko dituzte Zumaiako merkatariek merkealdiak. Horrekin batera, Zumaiako Udalak merkealdietako kartelak eta euskarazko katalogo berria banatuko dizkie merkatariei euren saltokietan erabil dezaten.
Negu sasoiko merkealdiak ate joka dira Zumaian ere. Urtarrilaren 7an hasiko dituzte herriko merkatariek merkealdiak eta hainbat beherapen izango dira egun horretatik aurrera. Merkealdiei begira, Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak kartelak prestatu dizkie herriko merkatariei, euren saltokietan izango dituzten beherapenak iragartzeko. Kartelak Alai Auzategiko A3 paper-dendan dituzte eskuragarri merkatariek.
Horrekin batera, eta sektore honetan euskararen presentzia areagotu asmoz, Euskara Zerbitzuak euskarazko katalogo berria banatuko die herriko merkatariei.
Merkatarien beharretara egokitutako eskaintza
Zumaiako Udalak badaramatza urte batzuk herriko dendetan, tabernetan, jatetxeetan...merkataritzan, oro har, euskararen erabilera areagotzeko lanean. Euskararen erabilera areagotzeko, besteak beste, merkatariei beraien beharretara egokitutako laguntza eskaintzen die. Horretarako, eskaintzen dituen zerbitzuen eta materialen katalogo bat argitaratu du.
Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzu hauek ez dira berriak. Orain ordea, eskaintzen diren zerbitzuak egokitu egin dira, merkatarien beharrei hobeto erantzuteko eta katalogo berri batean argitaratu. Katalogoa berritzeko, Merkatarien Elkartearekin orain arteko zerbitzuak aztertu eta hobetzeko proposamenak landu ziren lehenengo. Eta orain, azterketa horretan oinarrituta, Euskara Zerbitzuak katalogoa egokitu egin du. Hain zuzen, urtarrilaren lehenengo asteetan banatuko du katalogo berritua merkataritza-establezimenduetan.
Hainbat produktu eskura
Katalogoan eskaintzen diren zerbitzuak: merkealdiko kartelak (tamaina eta kolore desberdinetan), deskontuen kartelak, atean jartzeko ‘zabalik’/’Itxita’ plakak, norberak nahi duen testuarekin egindako kartelak, euskaraz lan egiteko fakturak eta bestelako inprimakiak, euskara ikasteko oinarrizko materiala ostalarientzat, itzulpenak eta zalantzak argitzeko laguntza, errotuluak euskaraz jartzeko diru-laguntza, gremio bakoitzari zuzendutako hiztegi praktiko eta laburrak.
Katalogo honetan eskaintzen diren produktu eta materialak guztiz doakoak dira. Katalogo bidezko zerbitzu hau erabilerraza, praktikoa eta azkarra da. Urte osoan erabili ahal izango dute merkatariek. Eskaerak telefonoz egin ditzakete edo Euskara Zerbitzura joanda eta hurrengo egunerako izango dute eskatutakoa, bere establezimenduan bertan. Gainera, nahi beste aldiz erabili ahal izango dute zerbitzu hau.
Azken finean, Zumaiako Udalak, bezeroei eskainitako zerbitzua hobetzen lagundu nahi die merkatariei. Hain zuzen, bezeroari zerbitzua bere hizkuntzan eskaintzeak, zerbitzuaren kalitatea hobetzen du eta zuzenean eragiten du bezeroaren asebetetzean. Ezin baitezakegu ahaztu Zumaian lautik hiruk euskaraz egiten dutela.
Euskara Zerbitzuak merkatariei eskaintzen dizkien beste zerbitzu batzuk hemen kontsultatu ditzakezu.



