Faxistek fusilatutako eta faxismoaren aurkako erresistentzien fronteetan borrokan hildako beste bost zumaiarren izenak gehituko dituzte Gernika parkeko monolitoan
Abenduaren 14an (larunbata) ekitaldi xume bat egingo dute, eguerdiko 12:00etan. Familiartekoak izango dira bertan, eta Udalak herritar oro gonbidatzen du ekitaldira.
Francoren altxamendu faxistak eragindako hildakoen oroimena bizirik mantentzeko asmoz, Zumaian ekitaldi berezi bat egingo da larunbat honetan, Gernika parkean. Duela urte bete monolitoa jarri zuten bertan, lehen Gernikako arbola zegoen leku berean. Oroigarrian 1936ko altxamenduaren ondoren faxistek fusilatu zituztenen, eta frankismoaren aurkako erresistentzien fronteetan borrokan hildakoen izenak bildu zituen Udalak.
Orain, Aranzadirekin beharrezko egiaztapen guztiak eginda, duela urtebete ezarritako monolitoa eguneratuko dute, beste bost izen gehituz. Honela, oroigarria faxismoaren aurkako borrokan hildako guztien memoria kolektiboa sendotzen jarraitu nahi du Udalak, herriko eragileekin eta herritarrekin batera. Oroitzapen honek, gainera, faxismoaren aurkako borroka eta justizia historikoa aldarrikatzen ditu.
Horiek horrela, abendu honetan ere faximoaren aurkako borroka omentzeko tartea izango da Zumaian. Ekitaldia abenduaren 14an (larunbata) izango da, eguerdiko 12:00etan Gernika parkean.