Gertu elkarteak dendak kalera aterako ditu asteburuan

2026/07/17

Guztira, 28 saltoki aterako dituzte kalera gaur eta bihar, eskaintza bereziekin. Azokarekin batera, ipuin kontalarien saioak, trikitilariak nahiz haurrentzako tailerrak ere izango dira.

Gertu merkatarien elkarteak, Zumaiako Udalaren laguntzarekin, Braderie – Dendak Kalean azoka antolatu du uztailaren 17 eta 18rako. Ekimenaren helburua tokiko merkataritza sustatzea, herriko kaleak girotzea eta herritarrak nahiz bisitariak herriko saltokietan erostera animatzea da.

Azoka Erribera kalean eta parte hartzen duten saltokien aurrean egingo da. Bertako merkatariez gain, herriko beste auzo batzuetako saltokiek ere karpak eta mahaiak jarriko dituzte kalean, beren produktuak kalera ateraz.

Ostiralean, uztailaren 17an, saltokiek ohiko ordutegian parte hartuko dute ekimenean. Larunbatean, uztailaren 18an, azoka 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Guztira 28 saltokik hartuko dute parte Braderien. Denda aurrean izango dira: A3, Xiru, Amalur, Cchika, Koketa, Bib Dekorazioa, My Movil Zumaia, Izaro Farmazia, Coro Estetika eta Idoia Mertzeria. Erribera kalean, berriz, honako hauek izango dira: Flysch Aitzi, Brewery Land, Ana Arropa, Cchika, Olaizola, Sorginak, Atalaia, Txera, Zu Centro Mediko Estetikoa, Kaíoa, Loa Lingerie, Mao Arte Estudioa, Mandala, Ane Arribas, Iruitz Ile-apaindegia, Mañeko, Loa Man, Loa Woman, Algorri Taberna eta Blue Nails. Braderiera hurbiltzen diren bezero guztien artean 500 euro zozketatuko dira erosketa bonotan, tokiko merkataritzan erabiltzeko.

Azoka girotzeko, hainbat jarduera ere antolatu dituzte. Ostiralean, 17:30ean, ipuin kontalaria izango da Erribera kalean. Larunbatean, berriz, 11:00etan umeentzako talo tailerra egingo da Amaiako plazan, 12:00etan trikitilariak izango dira kalez kale, eta 18:30ean Kaletrik kale-erromeriak emango dio amaiera egitarauari.

Zumaiako Udalak herritarrak eta bisitariak Braderiera gerturatzera animatzen ditu. Tokiko merkataritzak herri bizi eta erakargarri bat eraikitzeko egiten duen ekarpena nabarmendu nahi du Udalak, eta horrelako ekimenek saltokien jarduera indartzeaz gain, herriko kaleei bizia ematen dietela azpimarratu du.