Merkataritza lokalak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzeko dirulaguntza eskatzeko epea astelehenean zabalduko dute

2026/09/18

Urtebeteko iraupena izango du dirulaguntzak, eta, gehienez ere, 500 euro ordainduko dira hilabetean. Helburua da merkataritza jarduera eta ekimen berriak sustatzea, eremu horiei bizia emateko. Dirulaguntzak eskatzeko epea urriaren 5ean amaituko da.

Astelehenetik zabalik izango da ekintzaile berriek merkataritza lokalak berreskuratzeko dirulaguntza eskatzeko epea. Dirulaguntza honen xedea da Zumaiako hiri-lurreko merkataritza lokalak betetzea edota jardueretan belaunaldiaren aldaketa sustatzea, ekintzaile berrien bitartez, merkataritza biziberritzeko helburuarekin.

Dirulaguntzaren iraupena urtebetekoa izango da, eta, gehienez ere 500 euro ordainduko dira hilabetean (betiere, alokairuaren %100eko kopurua gainditu gabe); halaber, BEZa ez da diruz ordainduko. Dirulaguntza astelehenetik urriaren 5a bitartean (hau barne) eskatu ahal izango da, eskaera udaletxean aurkeztuta edo modu telematikoan.

Dirulaguntza lortzeko oinarrietan zehaztutako baldintza guztiak bete beharko dira, hala nola: onuradun eta errentatzailearen artean familia loturarik ez egotea, bigarren mailarako; Zumaiako zerga, tasa eta bestelakoen ordainketak eguneratuta izatea; Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta edukitzea; edota, negozioan euskararen presentzia bermatuta egotea. Baldintza guztiak oinarrietan zehazten dira, eta guztiak betetzen direla ziurtatu beharko du eskatzaileak.

> Deialdia
> Oinarriak
> Eskaera orria
> Egoitza elektronikoa eta informazio guztia

Azken urteotan Merkataritzako Plan Estrategikoa osatzen aritu da Zumaiako Udala, eta ekimen zehatzak ere jarri ditu martxan. Merkatariei zuzendutako dirulaguntza kopurua igotzeaz gain, neurri berri bat martxan jartzeko erabakia hartu zuen 2022an: Zumaiako hainbat eremutan merkataritza berreskuratzeko eta indartzeko ekintzaile berriak erakartzeko, lokalak alokairuan hartzeko dirulaguntzak ematea. Beharrezko administrazio prozedurak amaituta, 2023an argitaratu zen lehen aldiz dirulaguntza deialdi hau. Aurtengoa, beraz, hirugarren urtea dute dirulaguntza hauek.

Albiste erlazionatuak