Gipuzkoako Foru Aldundiak San Telmo eta Algorriko ibilbidea egokituko du

2018/02/23

Bidearen zati jakin batzuetan erosioa ekiditea eta ibiltarien segurtasuna hobetzea bilatzen da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak Algorriko ibilbidea hobetzeko egingo diren egokitzapenak aurkeztu dizkiete Zumaiako herritarrei. Bederatzi urte dira Deba eta Zumaiako itsasartea biotopo babestu izendatu zenetik, eta inguru horrek jasotzen duen bisitari kopurua nabarmen hazi da ordudanik. San Telmo elizatik Algorriko muturra bitarteko bidea da bisitatuena eta gehien erabiltzen dena, eta, ondorioz, azken aldi honetan ibilbide sareko zati jakin batzuetan erosio zantzuak antzeman dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zonaldea aztertu ondoren gehiegizko presioaren zenbait ondorio atzeman ditu, eremuan agerikoak direnak: higadura prozesua, lurzoruaren okupazioa gero eta zabalagoa, eta eremuaren naturaltasunaren galera, besteak beste.

Arazo horri irteera egoki bat eman nahian, bereziki San Telmo eta Algorri bitarteko zatian, egokitzapen batzuk egingo dira datozen hilabeteetan. Egokitzapen horiek oso intentsitate baxukoak izango dira, eta, gehienez, eskuzko tresneriarekin egingo dira. Bide zidorretako lohi-uneak saneatu, jaitsierako jauziak mailakatu, ibilia zakartzen duten harri-azaleratzeak leundu… Egitura trinko gisara ipiniko den elementu bakarra KT mugaren gaineko begiralekuan dago. Lekuak lurrezko azalera du eta jasaten duen zapalketa handia denez, egurrezko plataforma bat ipiniko da.

Horrelakoak izango dira Aldundiak Algorrin egingo dituen lanak, guztiak bisitarien erosotasuna eta segurtasuna hobetu eta hondatutako lekuak birgaitzeko helburuarekin.

Bestalde, eta behin bide egokiago bat lortu ondoren, jendearen joan-etorria bidetik bertatik egin dadin, eta bideetatik kanpo ahalik eta jende gutxien abiatu dadin, nolabaitekoko mugarriak jarriko dira. Mugarri horien bidez, gehiegi zapaltzen diren eremuak babestu nahi dira, eta, halaber, hainbat bidexka erabileratik kanpo utzi nahi dira.

Oinezko gehienek San Telmotik Algorriko muturrera goitik joan eta bide beretik etortzeko ohitura dute, eta hori aldatzea bilatzen da, baita ere. Helburua da, goitik joaten diren oinezkoak herrira Ardantzabidetik itzultzeko ohitura izan dezaten zabaltzea.

 Azkenik, lehendik narriatutako lekuak berrekuratzeko asmoa du Aldundiak, bertako berezko landareak erabiliz.

Lanak datorren uda aurretik amaitzea aurreikusten da.