Herri sarrerako kurbako errepidearen egoera hobetu da

2017/11/17

Azaroaren 18an urtebete beteko da Zumaiako Udalak herriko sarrerako kurban mikrofresatu lanak egin zituenetik eta orduz geroztik nabarmen hobetu da errepideko egoera.

Zumaiako sarreran dagoen kurba aski arriskutsua da eta ondorioz, sarritan gertatu dira bertan auto istripu edo irristada eta ezustekoak.

Egoera horren aurrean, Zumaiako Udalak hainbat neurri hartu zituen, horien artean, 2015ean, LED argien bitartez kurba arriskutsua iragartzeko seinaleak jartzearena eta iaz, seinale horiez haratago, mikrofresatu lanak egitea erabaki zuen. Esku-hartze horren bitartez, sakontasun txikiko arraildurak egin zaizkio errepideari, modu honetara, bereziki egun euritsuetan gertatu ohi diren auto irristadak ekiditeko.

Izan ere, 2014-2016 bitartean, guztira 10 istripuen berri jaso dute udaltzain zein Ertzaintzak aipatu kurban, Bittarte erretegiaren parean, alegia. Eta horiez gain, irristada ugari ere gertatu dira bertan euria egiten zuen egunetan.

Ildo horretan, mikrofresatu lanek eragin zuzen eta positiboa izan dute errepidearen egoeran eta zorionez, iazko azarotik gaur arte udaltzain zein ertzainek ez dute inolako istripuren berririk jaso.

Dena dela ere, kurba itxia izanik, arriskuak ekidite aldera, bertako abiadura eta trafiko seinaleak errespetatzea eskatu du Udalak, aurrerantzean ere istripu eta ezustekorik egon ez dadin.