Herriguneko trafikoa arintzeko eta oinezkoak lehenesteko neurriak indartu ditu Udalak uda honetan

2026/07/01

Herriguneko eta hondartzen inguruko trafikoa murriztu eta oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin, Udalak herriaren kanpoaldeko aparkalekuak seinaleztatu ditu. Bisitariei autoa bertan uztea eta herrigunera oinez sartzea gomendatu die Udalak, eta horretarako, oinezkoen ibilbideen iraupenak adierazten dituzten kartelak ere ezarri dituzte.

Uda sasoian hondartzen inguruan eta herrigune historikoan trafikoa mugatu eta oinezkoei lehentasuna emateko asmoz, Zumaiako Udalak herriaren kanpoaldean doako bi aparkaleku publiko eta ordainpeko bi ezarri ditu aurten ere. Orain gutxi ezarri ditu Udalak horien berri emateko kartelak herrigunean bertan nahiz aparkalekuen inguruetan.

Sarauneko moilako aparkalekua (P1) da doako aparkalekuetako bat. Kirol portuan kokatuta dago, Balenciaga ontziolaren atzealdean, eta 300 bat auto sartzen dira. Herrigunera hamar bat minutuan hel daiteke oinez handik, eta udan, gainera, txalupaz ere bai Txomin Agirre kaiara. Urola plazako aparkalekuak (P2), berriz, autoentzat ez ezik, autokarabanentzat zerbitzua eskaintzen du, eta ibaiertzetik barrena irits daiteke herrigunera. Doako aparkalekuez gain, ordainpeko beste bi aparkaleku ere erabilgarri dira: itsas kiroldegikoa (P3) eta Sagarbide-Lubakikoa (GKN, P4). Bi aparkaleku horietan autoa gehienez ere hamar orduz utzi ahal izango dute bisitariek zein bertakoek.

Neurria bat dator Udalak bultzatzen dituen turismo eta mugikortasun politikekin. Izan ere, Zumaiako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren helburuen artean daude auto pribatuaren erabilera murriztea, oinezkoen mugikortasuna lehenestea eta herria irisgarriagoa, seguruagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa izatea. Planak pertsonak jartzen ditu mugikortasun politikaren erdigunean, bereziki haurrak, adinekoak eta mugikortasun urriko pertsonak kontuan hartuz.

IMG_0084.JPG

Era berean, Udalaren turismo estrategiak bisitariei herrigunera autoz sartu beharrean herriko sarreretan dauden aparkalekuak erabiltzea gomendatzen die. Helburua da herritarren eta bisitarien arteko bizikidetza hobetzea, herriguneko trafikoa arintzea eta hondartzetara nahiz alde zaharrera oinez iristea sustatzea. Udalak gogorarazi du sarreretako aparkaleku gehienak doakoak direla eta handik herrigunera oinez minutu gutxitan irits daitekeela.

Horren bidez, udako hilabeteetan ibilgailuen pilaketak murriztu nahi dira, herrigune historikoa eta hondartzen ingurua oinezkoentzako espazio atseginago bihurtuz eta mugikortasun jasangarriago baten alde eginez.

> Ikusi hemen TAOren udako aldiko araudia