Herriko erlojua eta Yereguitarrak
2016. urtea bukatzeko herriko erlojuaren lehen datuei buruzko idatzia osatu genuen. Urte berria hasi dugun honetan, erloju horren historiarekin jarraitzea erabaki dugu. Izan ere, Zumaiak erlojuaren tiki-taka soinuaren altzoan jarraitu zuen.
XIX-XX mendeetan ugaritu egiten da erlojuari buruzko informazioa. Jakin badakigu 1845ean Juan Manuel Zugastik kanpandorrerako erloju berria egin zuela, ondoren hau konponduko zuen Benito Yereguik erlojuak zeraman xaflan jaso zuelako. Bestalde, 1869an adibidez, Udaletxeak erlojua margotu eta elizaren barruan erlojuarekin batera joko zuen kanpai txiki bat jartzeko erabakia hartu zuen. Horretarako, ordea, erlojuak nahikoa indar behar zuela baieztatzea beharrezkoa zen eta, XVIII. mendean egin zuten bezala, oraingoan ere Azpeitira joan ziren erlojugile aditu bila. Erabaki honen inguruko berriak hemen bukatzen dira baina.
XIX. mendearen bukaeran aldaketa nabarmen bat gertatzen da. Ordura arte, Zumaiako Udalak, Azpeitira jo izan zuen maisu erlojugile bila. 1895ean, ordea, Benito Yeregui Usurbilgo maisu erlojugilearengana jotzea erabakitzen du. Honako hau Udalaren eta Yereguitar erlojugile familiaren arteko harreman luzearen lehen kontaktua izango da.
Urte horretan, tartean-tartean ohikoa zen bezala, herriko erlojua matxuratuta zegoen eta Udalak Benito Yereguirengana jo zuen erlojuaren ikuskatzea egiteko eskatuz. Ordurako, maisu erlojugile honek Zestoan bi erloju eginak zituen. 1879an gaur egun martxan jarraitzen duen herriko erlojua eta 1883an geldirik dagoen Aizarnakoa hain zuzen. Ez dakigu zerk bultzatu zuen Zumaiako Udala Benitorekin kontaktuan jartzera, agian Zestoako erlojuei buruzko berriek edo gertuko Udal horretako gomendioek. Kontua da Benitok aztertu zuela kanpandorreko erlojua.
Benito Yereguik ikuskatutako erlojua 1845ean Juan Manuel Zugastik eginikoa izan zen, idatzi hau laguntzen duten bi argazkiek (Yeregui Elkarteak utzitakoak) erakusten duten bezela. Garbiketa sakon batekin eta minutu-orratza konponduta denboraldi baterako nahiko txukun geratuko zela jakinarazi zuen. Bere gomendioa ordea, zenbait pieza konpondu eta kojinete berriak jartzearena izan zen, horrela erloju berri baten antzera geratuko zela ziurtatuz. Azken aukera honek lehen aukerak baino 50 pezeta gehiago kostatu arren egokiena zela iritzi zuen Udalak. Izan ere, prezioaren barruan erlojua desmuntatzea, Yereguik Usurbilen zuen lantegira eramatea eta konponketak irauten zuen bitartean kanpandorrean beste erloju bat jartzea barne hartzen zuen.
Behin lana bukatuta, konponketaren faktura 313 pezetetakoa izan zen. Orain arte ez bezala ordea, Udalak ordaindu beharrekoak 5 urteko bermea jasotzen zuen. Horrela, Benito Yereguik konpondutako erlojuarekin lotura izaten jarraitzea lortzen zuen, arazo edo matxuraren bat izango balu berari deituko ziotela ziurtatuz. Bezeroaren konfidantza irabazteko estrategia bezala ikus daiteke eskaintza hau. Artxiboan gordetako datuek, Benito Yereguik bezeroa fidelizatzea lortu zuela adierazten dute. Izan ere 1922. urtera arte, Yereguitarrak (Benito Yeregui, Benito Yeregui e Hijo, Yeregui Hermanos eta Yeregui y Compañía) izan ziren herriko erlojua konpontzeko ardura izan zutenak. Gainera, ezin ahaztu, Artadiko San Migeleko erlojua ere Benito Yereguik eraiki zuela 1901ean.
Urte horretatik aurrera topatu ditugun datuak erlojuaren esferarekin izandako gorabeheren ingurukoak dira. Baina hauek luzerako ematen dutenez hurrengo idatzirako utziko ditugu. Yereguitarrek ere badute bertan zerikusirik.
Erlojuari buruzko datu zuzenak 2001ean agertzen dira berriro. Urte horretan, parrokiko kanpandorreko erlojuari modernitatea iritsi zaiola deritzon dokumentuak aditzera ematen duenez, erlojuaren automatizazioa burutu zen. Atzean geratu ziren erlojua behin eta berriz konpondu beharra, are eta urrunago erloju horiek muntatu eta desmuntatzeko gai ziren maisu erlojugileen garaia. Denbora kontrolpean izateko gai ziren mago haien garaia...
Kanpandorreko erloju zaharraren xafla. 1845ean Jose Manuel Zugastik egina. Iturria: Yeregui Elkartea.
Kanpandorreko erloju zaharraren xafla. 1895ean Benito Yereguik konpondua. Iturria: Yeregui Elkartea.
Albiste erlazionatuak
Artxiboa
- Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak II: San Pedro Parrokiako San Anton kapera 2017/11/27
- Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak I: San Pedro Parrokiako San Bernabe kapera 2017/11/09
- Zementu naturalaren ekoizpenari buruzko aztarnen bila 2017/10/04
- Istiluak Zumaiako nasen inguruan 2017/06/01