Herriko erlojuaren esferarekin gorabeherak

2017/03/01

Egin ditugun azken bi idatziak herriko erlojuaren ingurukoak izan dira. Bi kasuetan erlojuaren makineriarekin lotura izan dute. Herriko erlojuaren inguruko trilogia osatuko duen idatzia izango da hau, baina oraingoan, erlojuaren esferarekin izandako gorabeheren berri eman nahi dizuegu.

Zumaiako herri erlojuari buruzko lehen aipamenak XVI. mendekoak direla erakutsi genuen trilogiako lehen artikuluan. Erlojuaren esferari buruzko lehen aipamenak berriz, 1903ko irailaren 10ekoak dira. Kontuan izan behar dugu, erlojuak berak esfera txiki bat eramaten zuela makineriarekin batera, baina oraingo honetan, kanpandorreko esfera handiari buruz ari gara. Egun horretan erlojuari kristalezko esfera bat jartzeko erabakia hartzen da, gauez ere zer ordu den ikusi ahal izateko. Garai horretan, Udalak Benito Yeregui erlojugilearekin zuen erlojuaren mantenimendurako eta konponketarako hitzarmena. Hau horrela, Benitori eskatu zitzaion erlojuaren esfera berria eta hura non jarri erabakitzeko ikuskatze lana.

Ikuskatze lanak 1903ko azaroan egin ziren eta erlojuaren kristalezko esfera 1904ko apirila bitartean jarri zen. Baina kanpandorreko erlojuaren esfera honek ez zuen denbora gehiegirik iraun jarritako tokian. 1907ko otsailaren 14an ospatutako udalbatzarrean, bi egun lehenago eta inolako zergati garbirik gabe, erlojuaren esfera txiki-txiki egin zela jakinarazten da. Gertaera honen aurrean, udalbatzak Benito Yereguiri hots egin zion esfera berri bat eskatuz. Honek, apurtutako esferaren berdina jartzeak, 325 pezeta kostatuko lukeela jakinarazi zuen. Benitok momentua aprobetxatu zuen kostuaren igoera txiki batekin erlojuaren konponketa orokorra egiteko proposamena luzatzeko eta konponketa honen ondorioz erlojuak 5 urteko bermea izango zuela jakinarazteko. Oraingoan, Udalak esfera berria eta erlojuaren konponketa egiteak kostatuko lukeenaren aurrekontua eskatu zion Benitori. 1907ko martxoan jarri zitzaion esfera berri hori herriko erlojuari.

Badirudi, Benito Yereguik kanpandorrean jarritako bigarren esfera honek 1923 arte iraun zuela. Urte horretan esfera egiteko eskaera Gasteizko Viuda de Murua etxeari egin zitzaion. Nazioartean ezagun bihurtu zen urtzaile eta erlojugile etxea zen hau. 1925-1956 bitartean 147 kanpai egin zituen, baina erlojuak eta esferak ere lantzen zituen. Etxe horrek egindako esfera Jose Manuel Balenciaga y Compañía enpresak jarri zuen kanpandorrean. 1949an berriro beste esfera berri baten beharra islatzen da udal-aktetan, badirudi 1923an jarritako esfera ere apurtu zela. Aurrekoan bezala, oraingoan ere Gasteizko Viuda de Murua etxeari eskatu zitzaion esfera berria egiteko aurrekontua.

Ikusi dugun bezala, esferak maiztasun handiz eman zizkion buruhausteak Zumaiako herriari. Hau horrela, Viuda de Murua etxeak bi aukera aurkeztu zizkion oraingoan Udalari. Lehenengoa, aurrekoetan bezala, erlojuaren esfera zati bakar batean egitea. Bigarrengoa, -eta hauxe gomendatzen zuen etxeak-, esfera berriro apurtu ez zedin, pieza bakarrean egin beharrean hamahiru zatitan egitea. Horrek, esferaren garraioa eta kokapen lanak ere erraztuko zituen. Hamahiru zatitan egindako esferak 3600 pezetako kostua zuen, Gasteizetik Zumaiako tren geltokira garraiatzea eta kanpandorrean jartzea barne; gauza bera baina pieza bakar batean egiteak, 4100 pezetakoa. Udalak, adituen gomendioei jarraiki, hamahiru zatitan egindako esferaren eskaera egin zuen. Bazirudien hau izango zela esferaren buruhausteekin bukatuko zuen erabakia, baina Zumaiako Udalak azken ezusteko bat izan zuen. 1951ko abuztuan Viuda de Murua etxeak bidalitako eskutitz bat jaso zuen, eskaeran gaizkiulertu bat egon zela adieraziz eta esfera hamahiru zatitan egin ordez zati bakarrean egin zutela jakinaraziz. Udalari, pieza bakarrean egina zuten esfera onartzeko eskaera egiten zion Gasteizeko etxeak. Udalak, ordea, herriko erlojuaren esferak ematen zituen arazoak albo batera uzteko gogo bizia zuen eta horretarako hamahiru zatitan egindako esfera nahi zuela aldarrikatu zuen. Ez zuen ba Viuda de Murua etxeak berak gomendio hori egin! Azkenean, itxuraz, eskatutako esfera berria 1951ko abendua eta 1952ko urtarrila artean kokatu zen.

 

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

  *Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.