Inauteri giroko ekitaldiak izango dira protagonista asteburuan Zumaian

2010/02/11

Ostiral arratsaldean herriko ikastetxeetako ikasleek kalejira egingo dute eta gauean, berriz, Gospel eta Rock kontzertua izango da Ondartxo plazan.

 

Mozorroek hartuko dute lekua asteburuan Zumaian ere eta inauteri giroko ekimenak nagusi izango dira. Bihar eguerdian, esaterako, kalejira egingo du Beheko Plaza abesbatzak. Arratsaldean, berriz, herriko ikastetxeetako ikasleek egingo dute kalejira mozorroak soinean dituztela eta 17:00etatik aurrera, ‘Inauterietako Festa’ irekia egingo dute Ludotekan 6-12 urte bitarteko gaztetxoekin.

Iluntzean ere ekitaldiak izango dira. 19:30ean ‘Piratak’ ikuskizuna eskainiko du Musika Eskolak eta kalejira egingo dute herrian zehar. Gauean, berriz, 23:00etan hasita, “Zumaian inoiz ikusi gabeko” emanaldia eskainiko dute: ‘Makarrena ospakizuna’. “Sorpresaz betetako prozesioa” abiatuko dute Erribera kaletik. Jarraian, gauerdi inguruan, Gospel eta Rock kontzertua eskainiko dute Ondartxo plazan Zumb Spirits eta Saint Peter’s Gospel Choir herriko taldeek. Ekimenaren antolatzaileek aurreratu dutenez, “inoiz Zumaian ikusi gabeko ikuskizuna izango da, eta jendea berau ikustera animatzea nahiko genuke”.

Makarrena_Kartela

'Makarrena Ospakizuna' iragartzen duen kartela.

 

Larunbatean, inauteri festa gehiago

Larunbatean jarraituko du inauteri festak eta bi mozorro lehiaketa egingo dira: haurrena 19:00etan eta heldu eta gazteena 23:30ean. Horretaz aparte, disko-jaiak izango dira Ondartxo plazan. Igandean, berriz, Beheko Plaza elkartean egingo dute mozorro lehiaketa eta astelehenean Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizuna izango da Maria eta Jose ikastetxean.