Irekita dago Olarro Eguneko batel estropadan izena emateko epea
Hilaren 15a baino lehen eman behar da izena turismo bulegoan eta goizez edo arratsaldez lehiatu nahi den azaldu beharko da. Aurrez entrenamenduak egiteko, Udalak ontzi bat utziko die parte hartuko duten taldeei.
Aurtengo Olarro Eguna ere ekitaldiz gainezka dator. Hilaren 19an ospatuko da eta beste hainbat ekimenen artean, batel estropada egingo da Zumaiako uretan. Horri lotuta, dagoeneko irekita dago batelen lehian izena emateko epea eta irailaren 15a baino lehen apuntatu beharko da.
Irailaren 19an, 12:30etik 14:00etara eta 17:00etatik aurrera egingo dira estropadak marea biziengatik, eta izena ematerako garaian goizez edo arratsaldez lehiatu nahi den azaldu beharko da.
Entrenamenduetarako aukera
Proba aurretik, entrenamenduak egin nahi dituenari ‘Lasuna’ ontzia utziko dio Udalak turismo bulegoko ordutegian, han gordetzen baita materiala. Probaren aurretik, bilera egingo da parte-hartzaile eta antolatzaileen artean eta hilaren 17an izango da hori.
Lehiaketa gastronomikoa
Batel estropadaz gain, olarroaren gaineko lehiaketa gastronomikoan parte hartzeko izen-ematea ere zabalik dago hilaren 13 arte. Turismo bulegoan eman beharko da izena eta bikoteka aurkeztu behar da.



