Isiltasunaren garrasia: 1936ko altxamendu militarraren ondorena Zumaian

2016/10/29

Hilabeteroko tarte honetan artxibora jotzen dugu, bertan gordea dagoen informazioaren zatitxo bat zuei gerturatzeko asmoz. Gai baten inguruko datuen bila ibiltzen gara eta informazioa behar izaten dugu argitaratzen ditugun idatzi xumeak osatzeko. Udalak memoria historikoa lantzeko egitasmoa abiatu duen honetan, Gerra Zibilari hasiera eman zion altxamendu militarra gogora ekarri nahi izan dugu. Uztailean 80. urteurrena izan zen eta horri eutsi diogu oraingoan.

Beti bezala artxibora joan gara eta informazio bila hasi. 1936ko aktak jasoak dituen liburua esku artean hartu eta uztaileko aktaren bila hasi gara. Isiltasuna. Hori da topatu duguna 1936ko uztailetik irailerako tartean. Isiltasuna bai, baina eztanda bortitz baten ondorengo isiltasuna. Bere baitan garrasi ozen bat daraman isiltasuna.

 

Ikertzaileok datuez baliatzen gara, baina datu eza ere informazioa da. Kasu honetan, uztaileko altxamendu militarrak Udaletan izan zuen eraginaren erakusgarri gertatzen da. Zumaian ez zen udalbatzarrik ospatu 1936ko uztailaren 10etik irailera bitartean. Udal idazkari funtzioak zituen idazkari ofizialaren diligentzia bat besterik ez da agertzen denbora tarte horretan. Uztailaren 25ean egin behar zen udalbatzarra eta ondorengoak bertan behera geratu zirela azaltzen du, denbora horretako ezohiko gertaera bortitzek bultzatuta.

 

1931n Bigarren Errepublika ezarri zenetik, nahiko egoera politiko nahasia bizi izan zen. 1931ko apiriletik urrira bitartean behin-behineko gobernua egon zen agintean. Ondoren, 1933ko azaroraino iraun zuen biurteko erreformista etorri zen. Garai korapilatsua izan zen biurtekoa, greba eta erreformez betea. 1933ko hauteskundeak eskuindarrek irabazi zituzten eta, besteak beste, biurtekoan egindako erreformak atzera bota zituen gobernu berriak. 1936ko otsailean egin ziren hauteskundeak berriz, alderdi ezkertiar eta abertzaleek osatutako Herri Fronteak edo Frente Popularrak irabazi zuen. Aldaketa hau ez zen eskuindarren gustukoa izan eta Espainiako armadaren zati handi batek Uztaileko Altxamendu Militarra bultzatu zuen, estatu kolpe bat bilatuz. Altxamenduak Espainiako populazioa bitan zatitu zuen eta Gerra Zibilaren pizgarria izan zen.

 

Altxamendu militarra gertatu zen garaian, Zumaiako udalbatza Victoriano Arrate alkateak eta Martin Elorriaga, Alejandro Lartigue, Gabriel Betondo, Manuel Urruzuno, Eduardo Zubia eta Sotero Azpeitia zinegotziek osatzen zuten. Altxamenduaren ondoren udalbatza horren egunerokotasuna bortizki etenda geratu zen. Aipatutako diligentzian agertzen diren hitzak ekarri nahi izan ditugu hona, irabazleek gertaera nola ikusi zuten adierazteko.

 

“... dejaron de celebrarse las sesiones ordinarias por este Ayuntamiento de la Noble y Leal Villagrana de Zumaya, con motivo de los sucesos graves y extraordinarios ocurridos durante ese periodo de tiempo; durante el cual y hasta su huída de elementos marxistas y separatistas, estuvo constituído en los locales del Ayuntamiento, un comité revolucionario denominado Frente Popular, y consecuentemente, quedó paralizada y entorpecida la vida municipal, de sus reuniones y sesiones, fecha en que quedó liberada esta villa por el Glorioso Ejército, Requetés y Falange.”

 

Garrasiz beteriko isiltasun horren ondorengo lehen udal-aktak, udalbatza berria osatzeko premia adierazten du. Botere aldaketa garbia gertatu zen Zumaian 1936ko irailean. Gipuzkoako Gerra Batzorde Karlistaren aginduz, udalbatzar berria osatzeko, Gabriel Vallejo, Luis Olaizola, Mariano Gurrutxaga, Vicente Larrañaga eta Romualdo Etxabe elkartu ziren dira Udaletxean. Udal-akta honetan jasotzen denez, Espainiako Nazioa salbatzeko helburuarekin, behin behineko udalbatzarra horrela osatu zen:

 

Alkatea: Gabriel Vallejo Bretón

Lehen alkateordea: Luis Olaizola Azkue

Bigarren alkateordea eta sindikoa: Mariano Gurrutxaga Buenetxea

Zinegotzi eta Oikiako Alkatea: Vicente Larrañaga Etxeberria

Zinegotzi eta Artadiko Alkatea: Romualdo Etxabe Etxabe

Bitarteko idazkaria: Jose Maria Odriozola Zaldua.

 

Udalbatza hau urriaren 13ko udalbatzarrean berretsi eta osatu zen, baita udal batzordeak osatu ere. Baina udalbatza honek ez zuen gehiegi iraun eta urriaren 28an, Zarautzeko Komandanteburu militarraren aginduz eta proposamenez, Carmelo Unanue, Acisclo Alberdi, Carlos Irigoien, Pedro Uranga, Ignacio Izpizua, Mariano Gurrutxaga, Estanislao Etxabe, Juan Jose Zinkunegi eta Vicente Larrañaga udalbatza berria osatzera deituak izan ziren. Bertaratutakoek zenbait kexa plazaratu zituzten agindutako karguak betetzeko. Baina azkenean, egoera berri horretan espainiar abertzaletasun betebeharrek bultzatuta, Zumaiako udalbatza honela osatu zen:

 

Alkatea: Carmelo Unanue Trueba

Lehen Alkateordea: Juan Jose Zinkunegi Zubia

Bigarren Alkateordea: Acisclo Alberdi Etxezarreta

Sindikoa: Pedro Uranga Linazisoro

Lehen errejidorea: Mariano Gurrutxaga Buenetxea

Bigarren errejidorea: Vicente Larrañaga Etxeberria

Hirugarren errejidorea: Ignacio Izpizua Artetxe

Laugarren errejidorea: Estanislao Etxabe Etxabe

Bosgarren errejidorea: Carlos Irigoien Sorasu

 

Udal-akta liburuetan isiltasunak amaiera izan zuen, baina garrasiek jarraipen luzea izan zutela ezin uka. Ondorengo urteetako egoera ez zen erraza izan herrian eta Zumaiar askok  kanporako bidea hartu behar izan zuten.

 

 

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

 *Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.