Jadarre auzoko berrurbanizatze lanen bigarren faseko obraren kontratazioa abian da
Errepidearen eta mendi-magalaren artean horma bat eraikiko da eta bi hirigune egokituko dituzte horri esker, pasealeku-behatokia bata eta egoteko gunea bestea.
Udalak abian du Jadarre auzoaren berrurbanizatze lanen 2. faseko obraren kontrataziorako prozedura eta interesatuek irailaren 10era bitarteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Exekuzio honen baitan, besteen artean, goiko plazatxoa eraberrituko da. Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziaren esanetan, “gaur egunean anbulantzia edota suhiltzaileen kamioiak ezin dira sartu bertara eta esku-hartze honekin bide berri bat irekiko da zerbitzu horiek plazara sarbidea izan dezaten”.
Auzoak dituen bestelako irisgarritasun arazoei ere helduko diete exekuzio hauekin. “Errepidearen ondoko oinezko eta bizikletaren ibilbideei jarraipena emango zaio eta errepidearen eta mendi-magalaren artean horma bat eraikiko da. Horma horrek, Narruondo ibaiarekiko paralelo bi hirigune sortzea ahalbidetuko du, pasealeku-behatoki bat eta egoteko gune bat. Altuen gelditzen den eremuan, auzoaren goiko zonaldera irisgarritasuna hobetzeko igogailu bat eraikiko da eta lan-eremuan dauden azpiegiturak hobetuko dira”.
Bigarren fase hau lehendabizikoaren atzetik dator. Aurreneko fasean, igogailua jarri zen Jadarre auzoan eta era berean, auzoaren zati bat eraberritu eta espaloiak zabaldu ziren. Argiteria publikoaren instalazioak, berriz, lurpetik pasa ziren. Etxanizek azaldu duenez, “auzoak behar zuen berrurbanizazioa garrantzitsua zen eta horregatik egingo dira lanak faseka. Bigarren fase honekin egin beharreko lanen zati handiena egina geratuko da”. Hirugarren fasean, Jadarre auzoaren goiko aldean egingo dira esku-hartzeak nagusiki.
Milioi bat euroko aurrekontua
Bigarren faseko lanek milioi bat euroko aurrekontua izango dute eta exekuzio-epea, berriz, 7 hilabetekoa izango da. Ondo bidean, lanak azaroan hasiak egon daitezkeela aurreikusten dute Udaletik. “Orain artean, eremu honetako lurren gestioan aritu da Udala eta bertako lur-jabe guztiekin akordioetara iritsi da. Dagoeneko hitzarmen horiek sinatuta daude eta horren ondoren sinatu dira baldintza pleguak lanen kontratazioa aurrera eraman ahal izateko”.



