KUP abesbatzaren ahots gazteek estreinatuko dute gaur (astelehena) Musika Jaialdia

2011/08/01

"Musika maite duten musikari gaztez osatutako taldea". Hala deskribatzen du bere burua KUP abesbatzak. Gabriel Baltes Musikeneko zuzendaritza koraleko arduradunak zuzentzen du taldea, eta Zumaian izango dira gaur, 22:00etan, Parrokian.

Ahots gazteek estreinatuko dute aurtengo Musika Jaialdia: KUP abesbatzaren kontzertuarekin abiatuko da kontzertu sorta, gaur (astelehena), 22:00etan, parrokian. 2003an sortu zen KUP, eta musikari gazte eta eskarmentudunek osatzen dute. Gabriel Baltes Musikeneko irakasle eta Frantziako hainbat abesbatzetako zuzendari izandakoak zuzentzen du abesbatza, eta nazioarteko zein Euskal Herriko txapelketetan sari ugari irabazi ditu azken urteotan.

 2008an, esaterako, Tolosako abesbatzen lehiaketan folklore alorreko hirugarren saria irabazi zuen KUPek. Hurrengo urtean, 2009an, berriz, Mariborreko nazioarteko abesbatza topaketetan lehen saria irabazi zuen, eta Baltesek zuzendari onenarena. Iaz lortu zuen, halere, izendapen entzutetsuena KUP abesbatzak: Tourseko Florilege nazioarteko lehiaketako hiru sari nagusiak eskuratu zituen. 

Aurten 2011ko Europako Gran Prix lehiaketa dute helburu eta bertan ahalik eta emaitza hoberena eskuratzeko asmotan dabiltza.

Gaurko kontzertuaren ondotik, ekitaldiz josita jarraituko du aurtengo Musika Jaialdiak, hilaren 13ra bitartean.