Maiatzaren 29an egingo da Aste Berdeko argazki rallya
Zaletu guztiei zuzenduta dago deialdia eta izen-emateak Turismo Bulegoan egingo dira, egunean bertan.
Udaleko Ingurumen sailak urtero antolatzen duen Aste Berdearen baitan, aurten ere prestatu dute argazki rallya. Lehiaketa maiatzaren 29an egingo da eta sari-banaketa Aste Berdeko programazioaren baitan ospatuko da.
Zaletu guztiei dago zuzenduta aurtengo argazki rallya eta Zumaiako udalerrian ateratako argazkiak hartuko dira kontuan. Rallyaren egunean bertan egingo dira izen-emateak (8:00etatik 9:30era) eta lehiaketako gaia ere orduantxe emango zaie parte-hartzaileei. Egun horretan bertan deskargatu beharko dira argazkiak txarteletik, 13:00etatik 15:00retara bitartean, Turismo Bulegoan.
Aurkeztu beharreko bilduma sei argazkik osatuko dute eta argazkilari bakoitzak ekainaren 5a baino lehen mezu bat bidali beharko du distira-zu@hotmail.com helbidera. Mezu horretan, kontroleko argazkien eta aukeratutako sei argazkien zenbakiak zehaztu beharko dira.
Epaimahaia Ingurumen Batzordeak izendatuko du, eta argazkigintzan adituek eta batzordeko ordezkariek osatuko dute. Sari-banaketa ekitaldia, berriz, ekainaren 11n ospatuko da, Aste Berdearen baitan. Arratsaldeko zazpietan hasiko da ekitaldia, Torreberrin, eta hautatutako lanen proiekzioa egingo da ondoren. Sariak honakoak izango dira:
- Bilduma onenari: 250 euro eta garaikurra
- Bigarren saria: 125 euro.
- Hirugarren saria: 75 euro.
- Argazki onenari: 150 euro.
- Haurren atala (12 urte arte): Parte-hartzaile guztiekin Algorri Interpretazio zentrotik irteera antolatu bat egingo da. Antolatzaileek hainbat akzesit aukera ditzakete; haietako bakoitzak 50 eurotako saria jasoko luke eta egile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko du. Lehiaketako oinarriak jasotzen dituen diptikoa hemen deskargatu dezakezu.
Bi ikastaro, Aste Berdearen baitan
Aurten, ekainaren 7tik 13ra bitartean ospatuko da Aste Berdea Zumaian eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, Udalak datozen egunetan azalduko ditu asteak aurten izango dituen xehetasunak. Dagoeneko irekita daude Aste Berdean zehar egingo diren bizikletan ibiltzen edota gidatze ekonomikoaren inguruko ikastaroetan izena emateko epeak. Horretarako, Udaleko Ingurumen sailera zuzendu beharko dute interesatuek.



