Mugi zerbitzuan bizikleta hobeak jarriko ditu Udalak
Etxe bereko bi bizikleta mota aurkituko dituzte erabiltzaileek eta probaldian egongo dira, gero, egokiena aukeratzeko. Gaur, ostirala, egokitu dituzte bi bizikleta ereduen ale batzuk eta datozen egunotan jarriko dituzte gainontzekoak.
MUGI, bizikletak maileguan hartzeko zerbitzua indartzeko ahalegina egingo zuela iragarri zuen Udalak eta helburu horri erantzunez hainbat urrats egiten ari da. Abuztuaz geroztik, esaterako, bi ordura luzatu da bizikleta maileguan ibiltzeko denbora. Bide horretan, beste urrats bat emango da orain. Izan ere, Udalak bizikletak ordezkatu egingo ditu eta denbora tarte batean probaldian egongo dira bizikleta berriak.
Bi bizikleta eredu
Etxe bereko bi bizikleta mota aurkituko dituzte erabiltzaileek probaldiak irauten duen bitartean. Gero, egokiena aukeratuko da. Gaur, ostirala, egokitu dituzte bi bizikleta ereduen ale batzuk eta datozen egunotan jarriko dituzte gainontzekoak. Lehengo bizikletek betetzen ez zituzten funtzioak betetzea lortu nahi da bizikleta berriekin eta hala, kalitateak hobera egingo du.
Egokitzapen hau, Zumaiako Udalaren eta Emaus Sozietate Kooperatiboaren arteko lankidetzaren emaitza izan da.



