Mugi zerbitzuaren inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko inkesta abian da
Urriaren 30era bitartean egingo da inkesta webgune honetan. Udalak Mugi zerbitzuaren inguruan herritarrek duten inpresioa jaso eta zerbitzua indartzen jarraitzeko asmoa du.
Bizikletak maileguan hartzeko Mugi zerbitzua hobetzeko ahaleginetan, Zumaiako Udalak inkesta bat abiatu du bere webgunean. Inkesta, gaurtik (ostirala) hasita egongo da erabilgarri, herritarrek edozein momentutan galderei erantzun diezaioten eta urriaren 30era arte luzatuko da erantzuteko aukera.
Ekimen honen bidez, Mugi zerbitzuaren inguruan herritarrek duten inpresioa jaso nahi du Udalak. Erabiltzaileek zailtasunak izan badituzte, zeintzuk izan diren, bizikleta berrien artean zein den bi ereduetatik aproposena, mailegu guneak egokiak al diren, edo gisa horretako beste hainbat galdera luzatu nahi dizkie Udalak herritarrei. Horrez gain, erabiltzaile ez direnen arrazoiak ere ezagutu nahi dira: zerbitzua ezagutzen ez zutelako ote den, zerbitzu egokia iruditzen ez zaielako, garestiegia delako…
Gaurtik erantzuteko aukera
Gaurtik hasi daiteke erantzuten. Oraintxe erantzun nahiko bazenu, egizu klik hemen, bi minutu ere ez dituzu beharko galdera guztiei erantzuteko.



