Musikaren Nazioarteko Eguna ospatuko da igandean Zumaian

2009/06/17

Ekainean zehar egin den Metal Ikastaroko ikasleek azkeneko kontzertua eskainiko dute, eta kalejiran ibiliko dira musika bandako gainontzeko musikariekin.

 

Igandean (ekainak 21) Musikaren Nazioarteko Eguna ospatuko da batean eta bestean. Zumaian ere musika izango da protagonista, Udal Musika Bandak kontzertua eta kalejira antolatu ditu hori ospatzeko.

Ekainean zehar egin den Udaberriko Metal Ikastaroko ikasleek azkeneko kontzertua eskainiko dute, eta kalejiran ibiliko dira musika bandako gainontzeko musikariekin. Sakanako Musika Bandako zuzendari eta Gasteizko Bandako tuba jotzaile den Luis Orduñak eskaini du ikastaroa eta berak ere parte hartuko du igandeko emanaldian. Metal instrumentuak, saxofoi, klarinete, flauta eta perkusioekin nahastuko dira eta igarriko da Zumaian ere Musikaren Eguna ospatzen dela. 19:30ean hasiko da musika kalejira.

Metaleria indartzeko ekimena

Apirilean aurkeztu zuten Zumaiako Musika Bandak, Musika Eskolak eta Udalak metaleria indartzeko elkarrekin abian jarritako ekimena. Azken hamabost urteetan metal instrumentuen ikasketa “beheraka” joan dela-eta, arlo hori indartzeko hainbat ekimen jarri dituzte abian hiru eragileek. Udaberriko Metal Ikastaroa izan da horietako bat. Igandean ospatuko den Musikaren Nazioarteko Egunean ikusi ahalko da ikastaroaren emaitza.