Nafarroako erdialdeko uholdeek eragindako kalteak berreraikitzen laguntzeko diru-laguntza ematea onartu du Udalak

2019/09/30

Nafarroa erdialdera 2.000 euroko diru-laguntza bideratzea onartu zen ostegunean egin zen ohiko osoko bilkuran. EH Bilduren aldeko bozkekin, EAJko ordezkarien abstentzioarekin eta PSEko ordezkariaren aurkako bozkarekin onartu zen testua eta diru-laguntza.

Pasa den uztailean Nafarroako erdialdean gertatutako uholdeek eragindako kalteen aurrean sortutako laguntza-taldeak abiatutako kanpainaren harira, EH Bilduk adierazpen bat aurkeztu zuen pasa den ostegunean egin zen osoko bilkuran. Beste hainbat udalek egin duten moduan, Zumaiako Udalak 2.000 euroko ekarpena egingo du sortutako kalteak konpontzeko.

EH Bilduko 9 ordezkarien aldeko bozkarekin, EAJko ordezkarien 6 abstentziorekin eta PSEko ordezkariaren abstentzio batekin onartu zen adierazpena.

Arritxu Marañon PSE-ko ordezkariak “elkartasuna adierazi” zuen, baina nabarmenduz ez zetorrela bat “EH Bilduk erabilitako Euskal Herria terminoarekin. Nafarroa eta EAEren arteko desberdintasunak beti nabarmendu izan ditugu PSEtik, eta horretan jarraitzen dugu”. Bestalde, azaldu zuen, “hondamenezko eremu deklaratu zenetik, beharrezko laguntzak bideratzen ari direla horren ardura duten instituzioak”, eta “arriskutsua izan daitekeela halako aurrekari bat sortzea”.

 Oier Korta EAJko eledunak "elkartasuna eta doluminak" adierazi zituen. Bestalde, EH Bilduk adierazpena plenora eramateko “formak eta informazio falta” kritikatu zituen, “uztailean gertatutako uholdeak urgentziaz tratatu ezin direla” gehituz. “Euskal Herriko herri desberdinen arteko laguntza beharrezkoa dela” adierazi zuen, baina “Nafarroako erakundeak martxan daudela eta, laguntza hau ezinbestekoa ez dela eta aurrekari okerra sortzeko arriskua dagoela” esan zuen.

Alex Oliden EH Bilduko zinegotziak adierazi zuen “aurrekari hori ona dela eta eremu eta herri desberdinen arteko elkartasuna positiboa” dela nabarmendu zuen.

Adierazpena: NAFARROAKO ERDIALDEKO UHOLDE LARRIEN AURREAN AKORDIOA

Pasa den uztailaren 8an izandako eurite handiek eta Zidakos ibaiak gainezka egin izanak, bereziki, Nafarroako erdialdeko Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas, Leotz eta beste hainbat herri kaltetu zituen; etxebizitzetan, garajeetan eta komertzioetan kalte garrantzitsuak eragiteaz gain, oinarrizko azpiegiturak ere kaltetuak izan ziren, baita herrietako komunikazio bideak, kaleak eta landa-bideak ere.

Zoritxarrez, uholde hauek, 25 urteko Zeru Cañada Zorrilla gaztearen heriotza eragin zuten, bizi zen Gardalain herrira kotxez zihoala.

Hondamendi natural honek eskumena duen administrazio publikoen parte-hartzea eskatzen du, baita hain larriki kaltetua izan den eskualde honekiko elkartasun ekonomikoa adierazi nahi duten administrazio guztien diru-laguntza ere. Tafallako eta beste herri batzuetako udalek antolatutako auzolanetan herritar ugarik erakutsitako elkartasun pertsonalaz gain, beste toki-entitate batzuren laguntza bideratzeko, auzolan ekonomiko bat sustatu dute, besteak beste, euriteek eragindako kalteak moldatzeko behar diren inbertsioei aurre egin ahal izateko.

Guzti honen aurrean, honako akordio hau adostea proposatzen dugu.

Lehena.- Zumaiako Udalak uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean gertatutako euriteen eta uholdeen ondorioz kaltetutako herritarrei eta udalerriei elkartasuna adierazi nahi die, eta, bereziki, Zeru Cañada Zorrilarren senitartekoei.

Bigarrena.- Zentzu berdinean eta udalerri horietako zerbitzuetan edo azpiegituretan euriteek eragindako kalteak berreraikitzen laguntzeko, 2000 euroko diru-laguntza bideratzea onartzen du.

Hirugarrena.- Zumaiako Udalak, kaltetuak izan diren herriei elkartasuna adierazteko, auzolan ekonomikoan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, horretarako kaltetutako udalek ireki dituzten banku-kontuetan egokia ikusten duten ekarpena eginez.

Laugarrena.- Zumaiako udalak herritarrei akordio honen berri emango die.

 

Zumaian, 2019ko irailaren 26an