Narrondo-Iraeta bidegorriaren lehen bi tarteak inauguratu dituzte

2026/07/08

Aldundiak gaur inauguratu ditu Narrondo-Iraeta bidegorriaren lehen eta bigarren tarteak. Inaugurazio ekitaldian izan da Argi Yeregi alkateordea Udalaren izenean, eta azpiegiturak herriko mugikortasun jasangarria indartzeko, auzoen arteko lotura hobetzeko eta etorkizuneko hirigintza-garapena kalitatezko espazio publikoekin lotzeko duen garrantzia azpimarratu du.

Gaur inauguratu dituzte Narrondo-Iraeta bidegorriaren lehen eta bigarren tarteak. Inaugurazio ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensio; eta Zestoako, Zumarragako eta Zumaiako ordezkari instituzionalak: Mikel Arregi eta Mikel Serrano Zestoako eta Zumarragako alkateak eta Argi Yeregi Zumaiako alkateordea.

Inauguratutako bi tarteek 2,7 kilometroko luzera dute, eta 3,3 milioi euroko inbertsioa jaso dute, NextGenerationEU funtsen laguntzarekin. Azpiegiturari esker, Zumaia eta Zestoa arteko lotura hobetu da, oinezko eta txirrindularientzako ibilbide seguruago, irisgarriago eta jarraituagoa eskainiz. Asensiok nabarmendu du Urolako bidegorri ardatza lurraldearentzat azpiegitura estrategikoa dela, eta pertsonen eguneroko bizitza hobetzeaz gain, ibilgailu pribatuaren benetako alternatibak eskaintzen dituela. Haren hitzetan, proiektuak "lurraldearen kohesioa indartzen" laguntzen du, eta Gipuzkoan sustatzen ari den mugikortasun jasangarriaren adibide argia da.

Oinezkoak eta bizikletak erdigunean

Bere hitzartzean, Argi Yeregik azpimarratu du azpiegitura berria bat datorrela Zumaiako Udalak lantzen duen mugikortasun ereduarekin. Nabarmendu du oinezkoak eta bizikletak erdigunean jartzen dituen eredua sustatzen ari dela Udala, herritarren autonomia, segurtasuna eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Era berean, adierazi du bidegorriak hirigintza garapenari ere erantzuten diola; izan ere, Arroako eta Narrondoko etxebizitza garapenak kalitatezko espazio publikoekin eta mugikortasun iraunkorreko sare batekin lotzea ezinbestekoa dela azpimarratu du.

Yeregik gogorarazi du, halaber, proiektuak aspaldiko eskaerari erantzuten diola. Narrondoko, Arroako eta inguruko auzoetako bizilagunek urteak daramatzate lotura seguruagoak eskatzen, eta bidegorriaren tarte berriek auzo horien eta herrigunearen arteko konektibitatea indartuko dute. Aldi berean, eskualde mailako mugikortasun jasangarriaren sarean beste urrats bat direla nabarmendu du Yeregik.

Amaitzeko, Zumaiako Udalaren izenean, Yeregik eskerrak eman dizkie proiektua posible egin duten erakunde, teknikari eta enpresa guztiei. Era berean, adierazi du Udalak lanean jarraituko duela herritarren egunerokoa hobetuko duten eta Zumaia gero eta konektatuagoa, seguruagoa eta bizigarriagoa egingo duten mugikortasun jasangarriko proiektuak bultzatzen.