'Ni Zumaiarekin' kanpainaren bidez gizabidezko jarrerak bultzatu nahi ditu Udalak

2010/07/30

Gaur aurkeztu dute kanpaina berria, eta bere helburua Zumaia erosoagoa, garbiagoa eta atseginagoa egitea da.

 

Oraindik bada herrian zakarra lurrera botatzen duen jendea, zaborra uretara botatzen duena, besteen atseden ordua errespetatzen ez duena… Jarrera eta ‘ohitura’ horiek guztiek herriko bizi kalitatea desitxuratzea eta bizikidetza zailtzeaz gain, gure ingurumenean ere eragiten dute. Horregatik, herritarren zein gainontzeko eragileen artean gizabidezko jarrerak bultzatzeko asmoarekin, Udalak kanpaina berri bat abiatu du. ‘Ni Zumaiarekin’ izango da kanpainaren goi-burua eta herritarrei jarrera egokien alde egiteko konpromisoa eskatzen zaie, Udalaren ekintza publikoekin batera herri atseginagoa lortzeko.
Andoni Etxaniz Hirigintza eta Ingurumen Zinegotziak azaldu duenez, "herritarren artean eta erakundeen artean ardurak partekatzea da helburua. Kanpaina hezitzailea egin nahi dugu, eta orain artean ditugun hainbat jarrera eta ohitura aldatzea edo egokitzea lortu nahi dugu. Logikari eta zentzuari jarraituz jarrera egokiak bultzatu nahi ditugu herrian".

Oro har, Zumaiako herritarrei zuzenduko zaie kanpaina, " hortik dator 'Ni Zumaiarekin' goiburua. Norbanakoen konpromisoa baita eskatzen dena", azaldu du Leire Larrañaga kanpainaren sustatzailea. Herritarrei bi konpromiso eskatuko zaizkie: "Alde batetik, gizabidezko jarrerak bultzatzea eskatuko zaie herritarrei, baina baita gizabidez  eta logikaz jokatzeko mezua zabaltzea ere eskatuko zaie", gaineratu du Larrañagak.

Kanpaina orokorra egingo da, baina zenbait talderi bereziki bideratutako ekintzak ere egingo dira, hala nola, txakur jabeei, tabernariei, gazteei edota eskola umeei, esaterako. Ekintza horien artean baliabide desberdinen erabilera egingo da: esku orriak, panelak erabilera publikoko guneetan, iragarkiak, gutun pertsonalizatuak…Ni Zumaiarekin_zarata

Zarataren arazoari aurre egiteko kanpainan erabiliko den irudia.

Bide horretan, Udalak, bere aldetik, Zumaiaren garapenean erakunde publiko bezala duen arduraz jakitun da, eta hainbat konpromiso hartu ditu, dagoeneko. Horien artean daude, besteak beste, administrazio publiko gisa egiten dituen ekintzetan, gizalegezko jarreren adierazlea izango dela, herritarren erabilerara egokitutako kalitatezko espazio eta zerbitzu publikoak bermatuko dituela edota erosketa berdearen politika ezarriko duela Udalak. Ildo beretik, zumaiar guztiei beren konpromisoa eskatuko die ondorengo puntu zehatzetan: batetik, herrikideekin, naturarekin eta inguruarekin errespetu osoz jokatzea, eta bestetik, norbanako bezala bizikidetza jarreren alde egiteaz gain, ingurukoengan jarrera horiexek beraiek bultzatzea.
 
Mugikortasun ohiturak aldatzeko, Mugi zerbitzu berria

Mugikortasun ohiturak aldatzeko asmoz jarri zen martxan Mugi bizikleta zerbitzua ere. Zerbitzua hobetu asmoz, Udalak azpiegitura erosi zuen, eta ezarri berria duten sistema berriaren bidez erabilera errazago eta erosoagoa izango da. Aste honetan aldatu dituzte azpiegiturak, eta datorren astelehenetik aurrera erabilgarri izango dira bizikleta berriak.