Oier Korta izango da hurrengo lau urteetan alkatea

2015/06/13

11:00etan hasi da kargu hartze udalbatzarra, eta herritar ugari izan dira pleno aretoan. Zinegotziek kargua hartu ostean, 2015-2019 agintaldiko alkatea aukeratu dute: Oier Korta izango da alkatea.

Leporaino betetako udalbatzar aretoan egin da gaur goizean Udal korporazioa eratzeko osoko bilkura. Zinegotziek kargua hartu eta legeak ezarritako zin egiteen ostean, alkatea aukeratzeko ordua iritsi da. Hala, EAJko Oier Kortak aldeko sei boto jaso ditu eta, beste sei jaso ditu EH Bilduko Alex Oliden hautagaiak. Boto zuri bat ere izan da.

Bozketa horretan gehiengo osorik ez du lortu hautagaietako inork, eta horrelako kasuetan legeak zehazten duen gisa, maiatzaren 24ko Udal hauteskundeetan boto gehien jaso zituen zerrendako hautagaia izendatu da alkate; ondorioz, Oier Korta da 2015-2019 agintaldirako alkate.