Oikiako sanbartolomeen festa giroa
Etzi, osteguna, koadrilen arteko Marmitako Lehiaketa egingo dute eta ostiralean ospatuko dute San Agustin eguna.
Joan den larunbatean ekin zioten oikiarrek San Bartolome jaiei. Asteburu osoan eguraldia lagun izan dute eta giro ederrean ospatu zituzten zikiro jan herrikoia, musika emanaldiak, herri kirolak zein gainerako ekitaldiak. Zumaiako Udalak autobusa antolatu zuen Zumaiatik Oikiara joateko.
Asteburua ez dute aski izan, hala ere, oikiarrek eta festa ostiralera arte luzatuko da. Atzo, astelehena, pilota partidak, asto probak eta erromeria izan zituzten ikuskizun eta gaur, eguraldiak gehiegi lagunduko ez badie ere, haurrek ekitaldi ugari izango dituzte euren gozagarri. Goizean, esaterako, meatzarien jolasetan ibili dira herriko haurrak, eta arratsaldean, berriz, Gorriti eta bere animalien jaialdia izango dute.
Ostiralean bazkari herrikoia eta erromeria
Etzi, osteguna, koadrilen arteko Marmitako Lehiaketa egingo dute eta ostiralean, hilak 28, ospatuko dute San Agustin eguna. Bazkari herrikoia, bertso poteoa eta erromeria izango dituzte, besteak beste, festarako pizgarri.



