Olarro Egunean erabiliko diren ontzien %90a konpostagarria izango da

2019/09/19

Udalak banatzen dituen edalontziak, platerak, zotzak, aho zapiak eta egurrezko koilarak konpostagarriak izango dira. Hondakinak gutxitu eta horien sailkapen egokia egiteko “herritarren konplizitatea” eskatu dute gaur egin den agerraldian.

Aurtengo Olarro Egunerako Zumaiako Udalak hondakinen kudeaketan “salto bat” emateko erronka du. Alex Oliden zinegotziak eta Esti Irureta teknikariak adierazi dutenez, “Olarro Egunaren inguruko irakurketa orokorra positiboa izaten da urtero, baina badago arantza bat: sortzen den hondakin plastiko kopuru izugarriaren inguruko kezka”.

Pauso handiago bat emateko beharra identifikatuta, berritasunak egongo dira aurtengo hondakinen kudeaketan: Udalak banatzen edalontziak, platerak, zotzak, aho zapiak eta egurrezko koilarak organikoak eta konpostagarriak izango dira Olarro Egunean. Edalontziak plastiko itxurakoa badu ere konpostagarria dela nabarmendu nahi izan dute agerraldian.

Neurri hauek “pausu bat gehiago” direla nabarmendu dute, eta aurrerantzean antolatuko diren ekimen desberdinetan norabide berean neurriak hartzen jarraitzeko konpromisoa agertu dute. Udalak hondakinen kudeaketan erantzukizuna izan arren, herritarrekin batera egin nahi dute ahalegina: "Herritarren inplikazioa eta konplizitatea beharrezkoak dira", adierazi dute.

 

Plastikoa gutxitzeko erronka

Zumaiarrok sortzen dugun zaborra Itzurun hondartzan pilatuko bagenu, denbora gutxian ez genuke hondar ale bakar bat ere ikusiko”; hala dio Zumaiako Udalak herritarrak kontzientziatzeko prestatutako bideoak. Udalak urtero 5.200 plater, 2.100 edalontzi txiki, 2.500 egurrezko koilara eta 16.000 edarietarako edalontzi banatzen ditu Olarro Egunean. Aurtengoan hartuko diren neurriek, hondakin plastikoak gutxitzea dute helburu.

Azken urteetan pauso ugari eman dira gai honi dagokionean (platerak edota edalontziak konpostagarriak izan dira azken urteetan, esaterako), baina aurtengoan “salto bat” eman nahi du Zumaiako Udalak. Edarientzako edalontzien kasuan, orain arte plastikozkoak izan dira, eta horretan aldaketa bat egiteko “saiakerak merezi duela” nabarmendu du Esti Irureta teknikariak.

Alex Oliden zinegotziak adierazi duenez, “ukaezina da gure gizartean hondakinen inguruko sentsibilitate geroz eta handiago dagoela, bereziki hondakin plastikoen inguruan”; “botere publikoetako ordezkariok erantzukizuna dugu hondakinen kudeaketaren gaiari heldu eta neurriak hartzeko”.

Iruretak azaldu du txosnetan plastikozko ontziak sor daitezkeela, “ur botila edo bestelako edarien plastikozko ontziak, kasu; horiek txosnak jartzen dituzten elkarteen kontura baitoaz”. Edozein kasutan, bertan sortuko diren hondakinen kopuru handiena konpostagarria izango dela azpimarratu du.

Herri bazkarian mahai-tresnak berrerabilgarriak izango dira, eta kristalezko botileta berreabilgarrietan banatuko dute ura. Gainontzeko materiala konpostagarria izango da.

“Herritarren konplizitatea”

Udalak antolatzen duen ekitaldietan eta espazioetan, ez da apenas hondakin plastikorik sortuko. Ia guztia, organikoa eta konpostagarria izango da. Edozein kasutan, sortu daitezkeen plastikozko hondakinentzat ere ontzi arinen edukiontzi txikiak jarriko dira.

Baliabide horiek jarrita, Olidenek “herritarren konplizitatea” eskatu du, “guztion artean orain artekoa baina emaitza hobea lortzeko”. Iruretaren arabera, "ezinbestekoa da herritarren parte hartzea. Adibidez, badugu ohitura bat brotxeta bakarrarekin plater bat erabiltzeko; hori saihestu dezakegu”. Herritarrei neurria hartzeko eskatu diete Udaletik, hondakinak ondo sailkatzeaz gain, ahalik eta gutxien sortzeko neurriak hartzera gonbidatuz.

Herritarrak hondakinen kudeaketa egokian parte aktibo izatera dei egiteko bideo bat zabaldu dute. Kartelak ere jarriko dituzte Olarro Eguneko postuetan, hondakin gehienak konpostagarriak direla gogorarazteko.