Sanpedroak direla-eta kontutan hartu beharrekoak: su artifizialak, aparkalekuak eta bestelakoak
Ohi bezala, ekainaren 29an su artifizialen ikuskizuna izango da Zumaian; segurtasuna bermatzeko, zenbait neurri errespetatu beharko dira. Gainera, Gozategiren kontzertua eta estropadak direla-eta moila inguruko aparkaleku-eremua ez da erabilgarri egongo.
Sanpedroak ospatuko ditugu Zumaian ekainaren 28tik 30era bitartean, eta festa giroak zenbait aldaketa eragingo ditu herrian. Horiek horrela, Zumaiako Udalak ondorengo ohartarazpenak egin nahi dizkie herritarrei:
-
Su artifizialak direla-eta segurtasun neurriak ezarriko dira larunbat arratsalde-iluntze partean. Zubiaundia itxita egongo da 19:30-00:00ak bitartean, eta, ikuskizuna herritar guztientzat segurua izan dadin, zenbait segurtasun neurri betetzea ezinbestekoa izango da (ohartarazpen eta gomendio guztiak oharraren beheko aldean).
-
Moilako aparkaleku-eremua ez da erabilgarri egongo larunbatean eta igandean, Gozategiren larunbateko kontzertua eta igandeko estropadak direla-eta. Bi egun horietan Saregileen plaza pareko zebrabidetik hasi eta arranplaraino bitarteko aparkaleku guztiak kenduko dira, baita Manoli txiki aurrekoak ere.
-
Larunbat gauean autoa ez erabiltzeko eskaera: larunbateko ekitaldien bueltan (su artifizialak eta Gozategiren kontzertua) herritar mordoa bilduko da Arranpla eta Moila inguru osoan. Horiek horrela, herritar guztien segurtasuna bermatzeko, inguru horretan autoa erabiltzea saihesteko eskatzen du Udalak.
-
Azken orduko kontuak tarteko, larunbatean jartzekoa zen Gune Morerik ez da egongo. Horrekin lotuta, festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak.
-
Festa-egun guztietan bezala, udaltzainak gauez ere lanean ariko dira ostiral eta larunbatean. Telefonoa: 943 14 32 32.
EKAINAK 29, LARUNBATA | SU ARTIFIZIALAK
Ohi bezala, ekainaren 29an su artifizialen ikuskizuna izango da Zumaian. Segurtasuna bermatzeko, Zubiaundia itxita egongo da 19:30etatik 00:00etara bitartean. Gainera, N-634 errepidea itxita egongo da 22:55etik 23:15era.
Larunbat honetan (ekainak 29) su arfizialen ikuskizuna izango da Zumaian. Herritarren segurtasuna bermatzeko, Zumaiako Udalak ondorengo ohar eta gomendioak egin ditu:
1. N-634 errepidea itxita egongo da, 22:55etik 23:15era arte.
2. Zubiaundia itxita egongo da 19:30etatik 00:00etara.
3. Seinaleak eta jarraibideak errespetatu. Segurtasuneko langileek agindutakoa bete behar da eta seinaleak errespetatu. Ez hurbildu suak botatzen ari diren gunera.
4. Hartu lekua 30 minutu lehenago. Ikuskizuna 23:00etan hasiko da, eta komeni da Gernika parkera eta Txomin Agirre kaira garaiz iristea.
5. Adi ibili: Su artifizialak arriskutsuak izan daitezke eta erredurak sor ditzakete
-
Gaizki sentitzen bazara edo zauriren bat izanez gero, joan zaitez anbulantzia dagoen gunera.
-
Suak botatzerakoan ohikoa da errautsak erortzea. Begietan sartuz gero, urarekin garbitu eta ez igurtzi.
-
Su artifizialak ikusteko eremua portu ingurua izanik, uretara erortzeko arriskua dago. Ez hurbildu gehiegi ertzera.
6. Txaluparik ez. Suek dirauten bitartean, ezingo da txalupa, piragua edo bestelakorik ibili itsasadarrean. Ontzi guztiak eremu horretatik kendu egin beharko dira.
7. Ez ukitu su artifizialen arrastoak. Ezohikoa izan arren, su artifizialen osagarriren bat lehertu gabe lurrera eroriz gero, ez ukitu, eta ez eman ostikadarik. Abisatu lehenbailehen udaltzainei edo suhiltzaileei.
Zubiaundia 19:30etatik aurrera itxita
Ekainaren 29an 23:00etan su artifizialak eskaini ahal izateko, ezinbestekoa da segurtasun neurriak betetzea. Horregatik, Zubiaundia arratsaldeko 19:30ean itxiko da eta ez da zabalduko gauerdira arte, horrela Joko eta Ikuskizun sailaren neurriak bete ahal izateko. Ixte honek eragina du oinezkoen bidean, Kirol portura edo Santiago hondartzara joateko aukera bakarra Zubiberriaren espaloi estua baita. Udalak aurrez barkamena eskatzen die herritarrei traba honengatik, eta eskerrak ematen dizkie segurtasuna zaintzen laguntzeagatik.