Olarro Eguneko batel estropadak itsas kiroldegiko arrapalan izango ditu irteera eta helmuga
Txomin Agirre eta Gernika parkean egiten ari diren lanengatik eta mareak direla eta, zenbait egokitzapen egin dituzte Udaleko sail desberdinek.
Gero eta gertuago dago aurtengo Olarro Eguna eta antolatzaileek azken orduko kontuak lotzen dihardute dagoeneko. Hala, eta Txomin Agirre eta Gernika parkean egiten ari diren lanek sortuko lituzketen eragozpenak ikusita, zenbait aldaketa izango dira. Esaterako, Olarro Egunean ohikoa izaten den koadrilen arteko batel estropadak itsas kiroldegiko arrapalan izango ditu irteera eta helmuga. Handik Txomin Agirre kaia aldera egingo dute koadrilen batelek. Ildo beretik, mareak tarteko, goizez bakarrik jokatuko da proba, eguerdia bitartean. Arratsaldean ur gutxiegi izango dela aipatu dute antolatzaileek.
Txosnei dagokionean ere, aldaketa izango da. Gernika pasealekuko urbanizazio lanak direla eta, hasiera batean txosna bat gutxiago jartzea aurreikusi bazen ere, azkenean itsas kiroldegiaren inguruan txosna jartzea erabaki du Udalak. Hala, hasierako zozketan txosna tokatu ez zitzaion Darahli elkarteak kudeatuko du itsas kiroldegiko txosna eta brotxetak salduko dituzte. Umeentzako jolasak ere itsas kiroldegian jarriko dituzte aurten. Udalak 600 kilo olagarro jarriko ditu Olarro Eguneko ekitaldi desberdinetarako.
Zubia irekita
Moilaberriko oinezkoen zubia irekita egongo da Olarro Egunean. Udalak jakinarazi duenez, Olarro Eguna pasa eta gero itxiko dute zubia egokitze lanak egiteko, hilaren 20an izango da hori.



