Olarro Eguneko bazkarirako txartelak eta kamisetak salgai daude turismo bulegoan
Bazkarirako txartela 8 euro kostako zaie helduei eta 5 euro haurrei. Horrez gain, koadrilen arteko batel estropadan parte-hartzeko lekua badela jakitera eman dute turismo bulegotik.
Dagoeneko salgai daude turismo bulegoan Olarro Eguneko bazkarirako txartelak eta baita kamisetak ere. Bazkarirako txartelak 8 eurotan daude salgai helduentzako eta haurrentzako, berriz, 5 eurotan.
Olarro Eguneko kamisetak, berriz, bi motatakoak atera dituzte aurten: poloak eta arruntak. 10 euro balio dute poloek eta 6 arruntek. Horrez gain, zapiak ere atera dituzte eta horiek ere turismo bulegoan egongo dira salgai euro batean.
Batel estropadarako plazak libre
Herritarrek parte-hartzeko ekitaldi ugari izango da aurtengo Olarro Egunean ere eta horietako bat da koadrilen arteko batel estropada. Bihar, asteartea, bukatuko da izen-emateko epea eta turismo bulegotik jakinarazi dutenez oraindik plazak libre daude apuntatu nahi dutenentzako.
Irailaren 19an, 12:30etik 14:00etara eta 17:00etatik aurrera egingo dira estropadak marea biziengatik, eta izena ematerako garaian goizez edo arratsaldez lehiatu nahi den azaldu beharko da.



