Partaidetzazko aurrekontuen inguruko saio irekia egingo da urriaren 4an

2022/09/29

Udaletxeko pleno aretoan izango da saioa, 18:00etan. Bozketa fasera pasa diren proposamenen xehetasunak, eta kanpoan geratutako proiektuen inguruko nondik norakoak azalduko dituzte.

Zumaiarrek martxoan zehar Partaidetzazko Aurrekontuak osatzeko proposamenak egin zituzten, 281 guztira. Errepikatuta zeudenak, eta arrazoi desberdinengatik baztertu direnak (udal eskumenekoak ez direlako, aurreikusitako aurrekontua gainditzen dutelako...) kenduta, 156 pasa ziren leheneste saioetara. Biler ahorietan herritarrek 33 proposamen lehenetsi zituzten, zenbait irizpide jarraituta. Proposamen guztiak teknikoki baloratu ondotik, 20 proiektu zehatz dira bozketa fasera iritsi direnak. 

Bozketa fasera pasa diren proposamenen xehetasunak, eta kanpoan geratutako proiektuen inguruko nondik norakoak azaltzeko saio irekia antolatu du Udalak urriaren 4rako. Bilera amaitzean botoa emateko aukera ere izango da.

Botoa emateko epea, zabalik

Zumaian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek eman dezakete botoa, irailaren 26tik urriaren 14ra bitartean. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek ere izango dute aukera beraien iritzia emateko, baina horiek Gaztegunean egin beharko dute. 20 proiekturen artean hiru aukeratu beharko ditu partaide bakoitzak, eta boto gehien jasotzen dituzten proposamenak 2023 eta 2024ko aurrekontuetan txertatuko ditu Udalak, 500.000 euroak agortu arte. 

20 proiekturen artean hiru aukeratu beharko dituzte zumaiarrek. Hiru proposamen baino gutxiago edo hiru baino gehiago dituzten boto-orriak baliogabetzat joko dira, eta ezinbestekoa da datu pertsonal guztiak betetzea.

Hiru bide izango dituzte horretarako:
  1. Boto orria postontzian uztea. Postontziak udaletxean, kiroldegian, Alondegian, Gizarte Zerbitzuetan (Branak eraikina), Hogarrean eta Oikiako eskolan aurki daitezke. Zumaiako etxe guztietara bidaliko da boto orri bana, baina gehiago behar dituztenek postontziak dauden lekuetan aurkituko dituzte.

  2. Aurrez aurre. Oxford parean botoa emateko aukera izango da irailaren 30ean (17:00-19:00) eta urriaren 14an (11:00-13:00 eta 17:00-19:00)

  3. Online, partaidetza.zumaia.eus webgunean

kartela (2).png