Patxi Usobiaga eskalatzailea omenduko dute Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketan
Zumaiako Udalak, Foru Aldundiarekin eta Aspanovas elkartearekin antolatutako lasterketa honek, mendizaletasunari lotutako kirolariak omenduko ditu urtero eta aurtengo edizioan eskalatzaile gipuzkoarra omenduko dute. Raul Garcia Castan mendi lasterketetako munduko azpitxapeldunak eta Aitor Osa txirrindulari profesional ohiak ere proban parte hartuko dutela baieztatu dute antolatzaileek.
Patxi Usobiaga eskalatzailea omenduko dute Zumaiako I.Flysch Trail mendi lasterketan. Txinako Xiing hirian jokatu berri den Zailtasun Handiko Eskaladako Munduko Txapelketako irabazlea izan den aparteko eskalatzaile honi Zumaiako I. Flysch Trail lasterketako antolatzaileek omenaldia egingo diote proba egunean, uztailaren 26an. Azkenaldian sasoian dabil eskalatzaile gipuzkoarra. Izan ere, Txinan lortutako garaipenaz gain, Chamonixen (Frantzia) munduko kopako lehen kanporaketako garaipena ere eskuratu berri du.
Zumaiako Udalak, Foru Aldundiarekin eta Aspanovas elkartearekin batera antolatutako Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak, mendizaletasunari lotutako kirolariak omenduko ditu bere ibilbide hasiberri baina oparoan. Lehenengo edizioak Patxi Usobiaga omenduko du eta eskalatzaileak dagoeneko konfirmatu die espresuki Txinatik itzuli eta Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketaren baitan egingo duten ekitaldian parte hartuko duela.
Proba hasi aurretik, aurreskua dantzatuko diete Usobiagari eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagarekin batera moztuko du probari hasiera emango dion zinta. Horrez gain, eskalatzaile gipuzkoarrak Keixeta eskultorearen oroigarri bat jasoko du Zumaiako Udalaren eskutik. Merezimendu osoko omenaldia izango da, inondik ere.
Raul Garcia Castan munduko azpitxapelduna
Antolatzaileak iragarritakoa bete egingo da eta jada baieztatuta dago Raul Garcia Castan lasterkariak parte hartuko duela Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketan. Garcia Castan munduko azpitxapelduna izan zen 2005ean eta azken lau urtean Espainiako txapelduna izan da.
Txirrindulari profesionala izandakoa ere bai
Txirrindulari profesional ohi batek ere parte hartuko du Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketan. Txirrindulari profesionala izandako Aitor Osa lasterka ikusiko dugu uztailaren 28an Zumaian. Orgatilako lesio batek eraginda, hasiera batean nahikoa zalantzarekin zen Osa parte hartu ala ez erabakitzerako garaian. Azkenean, lesioak hobera egin diola ikusita, eta lasterketaren helburuak kontuan hartuta, Osak baieztatu die antolatzaileei proban parte hartuko duela.



