Plastikozko tapoiak biltzeko ekimen solidariora atxiki da Udala

2018/01/15

Horretarako tapoiak jasotzeko edukiontzi berri bat jarri du Eusebio Gurrutxaga plazan eta horiek birziklatzetik lortutako dirua gaixotasun neuromuskularren ikerkuntzan laguntzeko sortutako Asociación ayuda enfermedades raras solidaridad y esperanza elkartera bideratuko du.

Asociación ayuda enfermedades raras solidaridad y esperanza elkartea gaixotasun neuromuskularrak dituzten lagunei lagundu eta bereziki Duchenne gihar-distrofia gaixotasunaren ikerketa bultzatzeko sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da.

Izan ere, gihar-distrofia hori haurrengan gehien diagnostikatzen den eta soilik gizonezkoei eragiten dien gaixotasuna da. Gaixotasun hori genetikoa eta hereditarioa da, eta gaur egun ezin da sendatu. Hori dela eta ikerketarako dirua lortzea ezinbestekoak dira.

Bide horretan, Zumaiako Udalak, elkartearen helburuarekin bat eginez,  bere laguntza eta elkarlana eskaini nahi izan dio eta elkarteak bultzatutako plastikozko tapoiak biltzeko ekimen solidariora atxiki da.

Horretarako tapoiak biltzeko edukiontzi berri bat jarri du Beheko plazan, birziklapen etxolaren aldamenean. Bertan bota ahal izango dira ur edota freskagarri botiletako tapoiak. Helburua da ahalik eta plastikozko tapoi gehien bildu eta birziklatzea, horrekin lortutako dirua aipatu elkartera eta horrenbestez, gaixotasun neuromuskularren ikerkuntzara bideratzeko. Zumaiarekin batera badira ere beste hainbat udalerri ekimen solidario horretara atxikita: Lezo, Azpeitia, Azkoitia, Elgoibar…

Amaitzeko ekimenarekin bat egin eta plastikozkoak diren tapoiak edukiontzi berrira botatzera animatu ditu Udalak zumaiarrak.

 

Nazioarteko ekitaldia

Gaixotasun neuromuskularren ikerkuntza bultzatze aldera, Asociación ayuda enfermedades raras solidaridad y esperanza elkarteak nazioarteko ekitaldia antolatu du. Horren baitan, Azpeitiatik Vaticano-rako ibilbidea egingo du bizikletan elkarteko zuzendariak, berak adierazitakoaren arabera, 22 egunetan. Ibilaldia martxoaren 1ean abiatuko da Azpeitiako San Martin zaharren egoitzatik.