Saad Malec: "Krisiak inmigranteen bizitzan ere asko eragin du"

2009/12/17

Atzo (asteazkena), abiatu ziren Zumaian aniztasuna lantzeko Herritarren arteko Topaketak. Larunbatera bitartean, ugariak izango dira ekimenak: hitzaldiak, liburu aurkezpenak, bideo emanaldiak, mahai-inguruak… Larunbatean, berriz, Aniztasunaren Eguna ospatuko da.

 

Migrazioari eta aniztasunari buruzko hitzaldiak eman zien irekiera atzo Udalak eta Anitzak taldeak aniztasuna lantzeko antolatu dituzten Herritarren arteko Topeketei. Atzokoan, Saad Malec Jatorkin elkarteko kidea eta Pedro Albite EHUko irakaslea eta Anitzak-eko kidea izan ziren hizlariak eta hamabost bat herritarrek osatu zuten entzuleen tokia.

Malec marokoarra izanik, bere sorterritik hona datozen etorkin generazio desberdinak aipatu zituen: lan bila zetozenak, emakumeak, adin txikikoak... Egun bizi dugun krisiak etorkinen bizitzetan ere "asko eragin" duela aipatu zuen eta "baita indarrean sartu berri den atzerritarrei buruzko legeak ere".

Pedro Albitek azaldu zuenez, "inmigrazioaren fenomenoa hemen kudeatu nahi dugu, baina ez ditugu behar adina baliabide oraindik". Zumaiako biztanleriaren datuen ikerketan parte hartu du Albitek, eta azpimarratu zuenez, "kontuan izatekoa" da azterketa egiteko jarritako lehen baldintza: "Guk ez genuen nahi ‘zein da bestea?’ galderari erantzuterik, baizik eta ‘nola bizi gara gu denon artean’ galderari erantzuna bilatzea zen gure asmoa".

Azterketa horretatik ateratako hainbat datu aipatu zituzten. Zumaian, esaterako, herritarren %51 Zumaian bertan jaiotakoa da; aldiz, %31 Euskal Herriko beste herriren batean jaiotakoa; %13a espainiar edo frantziar Estatuan jaioa eta gainerako %5a munduko gainerako herrietakoa. Anitzaken ustez, "hizkuntza gutxituko lurralde batean bizi garela ahaztu gabe, lehenego eta behin hemengo esperientzia eta hemengo aniztasun edo aberastasuna balorean jartzea garrantzitsua da, gero fenomeno hau hobeto kudeatu ahal izateko".

 

Gaur liburu aurkezpena eta hitzaldia

Aniztasun Astea, hala ere, hasi besterik ez da egin. Larunbatera bitartean, ugariak izango dira ekimenak: hitzaldiak, liburu aurkezpenak, bideo emanaldiak, mahai-inguruak...Gaur, adibidez, Jon Maiak ‘Riomundo’ liburuaren gaztelerazko argitalpena aurkeztuko du eta ondoren, ‘Migrazioak, hezkuntza eta hizkuntzak’ izeneko hitzaldia eskainiko dute.

Ildo beretik, igandera bitartean zabalik izango da lankidetza proiektuei buruzko erakusketa Torreberri eraikinean. Erakusketa 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik ostiralera bitartean. Larunbat eta igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute. Erakusketan, Sahararen eskubideen defentsan borrokan ari den Aminetu Haidar emakume sahararraren argazkia jarri dute, hari elkartasuna adierazteko.

Lankidetza_erakusketa

Argazkian, Zumaiako Darahli elkarteak Saharara egindako bidaia aurkezten duen erakusketa.

Programazio osoa ikusteko klikatu hemen.