Santiago hondartzako uraren kalifikazioak nabarmen egin du hobera

2010/07/02

Euriteek eragin zuten kalitatearen jaitsiera joan den astean. Ekainaren 28an egindako azterketen arabera, uraren kalitatea "bikaina" da orain.

 

Zumaiako Santiago hondartzako bainuko uraren kalifikazio sanitarioak hobera egin du joan den astetik. Ekaineko hirugarren astean egindako euriteek eraginda, jaitsi egin zen Zumaiako Santiago hondartzako uraren kalitatea eta hori zela eta, zenbait gomendio luzatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailetik eta Udaletik. Orain, lagin berrien azterketak esku artean dituztela, "bikaintzat" jo dute Santiago hondartzako uraren kalitatea, Itzurunen antzera.

Erriorako gomendioak

Nahiz eta Santiago hondartzako uraren kalifikazioak hobera egin duen, Udalak zenbait gomendio luzatu nahi dizkie herritarrei errioari dagokionez. Izan ere, errioa ibaiko eremua izanik, ez da bainuko eremu gisa kontsideratzen, eta beraz, hor ez da hartzen laginik azterketak egiteko. Hori dela eta, errioan bainua hartu ondoren dutxa hartzea gomendatzen da.