Udal Gobernuak 21,1 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du 2027rako
Inbertsioetara 3,2 milioi euro bideratzea aurreikusi dute, "agintaldiko proiektu nagusiak bukatzeko eta espazio publikoan nahiz zerbitzuetan hobekuntzak egiteko". Komentuko kantina eta aterpetxea, Marianton eremuko lanak eta haur parkeak aipatu dituzte inbertsio nagusien artean.
Udal Gobernuak 21.135.263 euroko aurrekontu proposamena prestatu du 2027rako. Kopuru horretatik, 3.232.111 euro inbertsioetara bideratzea aurreikusi dute, aurrekontu osoaren % 15,29. Iñaki Ostolaza alkateak eta Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak datorren urteko aurrekontuen xehetasunak azaldu dituzte.
Datorren urteko inbertsioen artean, agintaldi honetan martxan jarritako proiektuetako batzuk amaitzea izango da lehentasunetako bat. Komentuan, esaterako, 700.000 euroko partida aurreikusi da kantina eta aterpetxea egiteko. Kapera dagoeneko martxan dago, eta bi proiektu horiekin osatuko da eraikinari erabilera berriak emateko egindako lana. Marianton eremuko lanak amaitzea ere aurreikusten du Udalak 2027an, herritarren erabilerarako eta elkarbizitzarako espazio publikoak hobetzeko.
Herriko auzo eta eremu desberdinetako espazioak zaintzea eta egokitzea ere aurrekontuaren beste ardatzetako bat izango da. Haur parkeak berritzeko 430.000 euro bideratuko dira, umeentzako jolaserako guneak eta familien arteko topaguneak hobetzeko. Helburua haurrek eta familiek kalitatezko espazio publikoak izatea da, herriko hainbat tokitan. Aurten haur parke batzuk berritu ditu Udalak (Basadikoa eta Kantauri plazakoa, esaterako), eta jendetsuenak direnak eraberrituko dituzte datorren urtean: Amaia plazakoa eta Bidabe azpikoa. Jadarren ere egingo dituzte hobekuntzak.
Zerbitzu publikoen antolaketan, berriz, aldaketa bat aurreikusten da: lorezaintza zerbitzua azpikontratatuta egotetik Udalaren kudeaketa zuzenekoa izatera pasatzea. Udalaren asmoa da zerbitzuaren kalitatea eta jarraipena bermatzea, kontrola indartzea eta langileen lan baldintzak hobetzeko aukerak sustatzea.
Egoera ekonomikoa eta inbertsioen bilakaera
Aurrekontuaren datu ekonomikoek 2.120.326 euroko aurrezki garbia jasotzen dute. Kopuru hori nabarmen handitu da azken urteotan, Larrañagaren esanetan: 2024an 727.946 eurokoa zen. Zor bizia, berriz, % 2,91koa da. Inbertsioen bilakaerari begiratuta, 2023tik 2025era bitartean 14,15 milioi euroko inbertsioak gauzatu ditu Udalak. 2026ko aurreikuspenak kontuan hartuta, agintaldiko inbertsioa 17 milioi eurotik gorakoa izango da. Proiektu horiek finantzatzeko, udal baliabideez gain, beste erakunde publiko batzuen dirulaguntzak eta kanpo-finantzaketa ere erabili dira.
2027ko proposamenak, beraz, martxan dauden proiektuei jarraipena emateko eta herritarren eguneroko bizitzarekin lotutako espazio eta zerbitzuetan jarduteko baliabideak jasotzen ditu.



