Zumaiako Udalak 2027rako aurrekontuak onartu ditu, PSE-EEren babesarekin
21,3 milioi euroko aurrekontua izango du Udalak datorren urtean. PSE-EErekin lortutako akordioarien harira, Hogarraren beharrak aztertzeko eta bake epaitegiaren kokapen berri bat lantzeko bi azterlan ere egingo dira.
Zumaiako Udalak 2027rako aurrekontuak onartu ditu. EH Bilduren Udal Gobernuaren proposamenak PSE-EEren babesa izan zuen atzo, azaroko ohiko osoko bilkuran; EAJk, berriz, aurka bozkatu zuen. Horrenbestez, 21.135.263 euroko aurrekontua izango du Udalak datorren urtean, 2026koa baino % 0,37 handiagoa. Unai Larrañaga Ogasun zinegotziaren esanetan, proiektu estrategikoak gauzatzea eta zerbitzu publikoak hobetzea dira aurrekontuen ardatz nagusiak, inbertsio gaitasuna indartzearekin batera.
Udalak 3,23 milioi euro bideratuko ditu inbertsioetara, aurrekontu osoaren % 15,29. Inbertsio horien helburua da legealdian abian jarritako proiektu nagusiak amaitzea eta Zumaia bizigarriagoa eta gozagarriagoa egiten jarraitzea.
Duñike Agirrezabalaga PSE-EEren zinegotzia akordioak lortzeaz aritu zen hitzartzean. Esan zuen orain artean hitzemandako akordioetako baldintzak bete dituela Udal Gobernuak, besteak beste, udal artxiboaren digitalizazioa eta 1931-1936ko udal korporazioko kideak omentzea. Komentuko kantina eta aterpetxearen kudeaketa argitu gabe 700.000 euro bideratzearekin zalantzati agertu zen Agirrezabalaga. Larrañagaren iritziz, ordea, garrantzitsua da tamaina horretako proiektuetan hasitako lana amaitzea. Horrez gain, kudeaketa ereduari buruz hausnartzen ari direla adierazi zuen.
Inbertsioen banaketan azaldu zuen desadostasuna EAJren udal taldeak. Izan ere, bost emendakin aurkeztu zizkioten aurrekontu proposamenari, eta horiek guztiak Udal Gobernuak Komentua —aterpetxea eta kantina— amaitzeko aurreikusitako diru kopurua murriztuz finantzatzeko proposatu zituzten: osoko bilkurak zuzenean ematea, bizikleten bi aparkaleku ezartzea (145.000 euro), Amaia plazako haur parkean gune esatli bat egitea (150.000 euro), komun publikoak hobetzea eta Hogarra bero boladen aurrean babesleku klimatiko bihurtzeko beharrezko egokitzapenak egitea (300.000 euro). Izan ere, EAJren hitzetan, Komentua bukatzea ez da lehentasuna, eta zumaiarren beharretatik urrun dago.
Emendakinei ezezkoa
Larrañagaren arabera, komunak hobetzea aurreikusi du Udal Gobernuak, eta bizikletentzako aparkalekuak ezartzea ere bai. Hogarrean "partxeak jartzen" hasi aurretik, aurrelanketa bat egitea beharrezkotzat jo zuen, erabaki egokiak hartzeko gero. Amaia plazako gune estaliari dagokionean, Larrañagak azaldu zuen haur parkeak berritzeko planari ekarpenik ez ziotela egin udal taldeekin partekatu zutenean. Komentuaren aurka ez egoteko, proiektua bukatzeari "oztopo asko" jarri dizkiotela ere gaineratu zuen, tartean, kapera egokitzearen proposamenarekin desados agertzea. Horrenbestez, EH Bilduren zinegotziek emendakinen aurka bozkatu zuten, eta abstenitu egin zen Agirrezabalaga PSE-EEren hautetsia.
Lorezaintza zerbitzua, Udalaren esku
Osoko bilkurako beste aztergaietako bat izan zen lorezaintza zerbitzua Udalaren esku hartzeko prozesuarena. Zerbitzua bera eta langileen lan baldintzak hobetzeko helburuarekin, lau lanpostu berri hartuko ditu bere gain Udalak. Iker Mardarasek hartu zuen hitza EAJren izenean, eta aurka bozkatzeko arrazoien artean gastuaren igoera aipatu zuen. Agirrezabalagak, berriz, erabakia ona dela esan zuen, nahiz eta kudeaketa erraza ez izan. Iñaki Ostolaza alkateak aipatu zuen "eredu talka" zela desadostasunaren arrazoia: "Udalari dagokio zerbitzuak ematea, eta erabaki politikoa da. Lan baldintzetan ondorioak ditu, eta eraikinen garbiketako langileen baldintzen hobetzea da horren adibide".
Adierazpena, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira
Amaitzeko, Nerea Goiria Euskara eta Hezkuntza zinegotziak Ni euskara naiz adierazpena irakurri zuen, Euskararen Nazioarteko Egunaren ataritan. Hemen irakur daiteke osorik udalbatzak babestutako idatzia.



