Udal Gobernuak Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa murriztearen erabakia salatu du

2020/05/15

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabaki horrek Zumaiako Udalaren jardunean eragin nabarmena izango du, izan ere, 1.450.972,80€ gutxiago izango ditu bere jarduna garatzeko, aurrekontu osoaren %9,44 gutxiago.

Duela hilabete Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak Udal Foru Fondoa (UFF) %20-25 inguru jaitsiko zuela aurreratu zuen. Zumaiako Udal Gobernuak Gipuzkoako Ogasunetik inolako azalpenik jaso ez izana eta Udalen finantziazioan eragin izugarria izango duen erabakia aldebakartasunez hartu izana salatu ditu.

Zumaiako alkatetzak azaldu duenez, erabaki horren ondorioz, Zumaiako Udalak 1.450.972,80€ gutxiago izango ditu bere jarduna garatzeko. Kopuru horrek urteko aurrekontu osoaren %9,44ko murrizketa suposatzen du.

Udal Gobernuaren arabera, Udalek frogatu dute herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direla eta “Covid-19aren krisi garai gogor honetan zailtasun guztien gainetik lehen lerroan herritarren beharrei erantzunak ematen” aritu direla. Aldundiak Udalak “zigortu” egin nahi izan dituela ere gaineratu dute.

Hau guztiagatik, Iñaki Ostolaza alkateak Gipuzkoako Foru Aldundira gutuna igorri du, beste hainbat alkaterekin batera.

Honakoak dira Ostolazak Foru Aldundiari bideratu dizkion eskaera edo proposamenak:

  1. Atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia.

  2. 2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.

  3. Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe.

  4. Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko diru laguntza bat bidera dezala udaletara Covid-19aren krisiak sorturiko gain-kostuak arintzeko.