Udalak taberna bat ixteko agindua eman du, bertako langile baten PCR frogaren emaitza jakin arte

2020/07/10

Zumaiako tabernari bati PCR froga egin diote kasu positibo batekin harremana duelako. Lehen frogan negatibo eman du, baina bigarren frogaren emaitzak ezagutu bitartean Udalak taberna ixteko agindua eman du.

Aste honetan Osakidetzaren txostenak Zumaian kasu positibo berri bat baieztatzen zuela jakin zen, eta Udala berehala harremanetan jarri zen Osasun arduradunekin. Positibo horrek Ordiziako agerraldiarekin zuen lotura, eta ohiko prozedura jarraituz, positibo emandako zumaiarraren inguruko jendeari frogak egin dizkiete. Horietako batek positibo eman du lehen frogan; gainontzekoek lehen frogan negatibo eman badute ere, bigarren frogaren zain daude. 

Bigarren frogaren zain dauden zumaiarren artean herriko taberna bateko langile bat dago, eta prebentzio neurri gisa taberna hori ixteko agindua ematea erabaki du Udalak. Taberna horretako gainontzeko langileei ere PCR froga egin die Osakidetzak, eta emaitzaren zain daude.

Udalaren izenean herritarrei arduraz jokatzeko eskatu dute berriro ere; “osasun krisi egoeran jarraitzen dugu, eta izugarrizko garrantzia du jende pilaketak saihestu, distantziak gorde eta maskara janzteak”.