Udalekuetako haurrek hondartza hezitzailearekin tailerra egin dute Itzurunen
Hondartzara iristen diren hondakin desberdinak jaso eta aztertu dituzte gaztetxoek.
Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, Zumaiako Udaleku Irekietako haurrek tailerra egin dute gaur (ostirala) Itzurun hondartzan. Mari Bernal Udaleko hondartza hezitzaileak gidatu du tailerra. Hondartzara iristen diren hondakin desberdinak jaso eta aztertu dituzte gaztetxoek.
Batetik, jatorri bizidunekoak ezagutu dituzte; berez naturan daudenak, marrazoen arrautzak, algak, oskolak... Eta bestetik, gizakiak sortutako hondakin eta zaborrak jaso eta aztertu dituzte, plastikozko botilak eta poltsak, metalezko latak... Azken horiek izaki bizidunengan eta gure inguruan dituzten eraginen azterketa ere egin dute.
Neskato honek hildako antxoa bat topatu du.
Bihar bisita gidatua Santiagoko dunetan
Udaleko hondartza hezitzaileak bisita gidatua eskainiko du bihar (larunbata) goizean. Santiago hondartzan izango da bisita eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Hondartzaren bilakaera ezagutu eta bertako dunaren balioa azaltzea izango da helburua. 10:30ean hasiko da euskarazko bisita eta 12:30ean gaztelerazkoa.
Gainerako bisita gidatuak
Hemen kontsultatu dezakezu Turismo Bulegotik eskaintzen diren gainontzeko bisita gidatuen eskaintza.



