Urriaren 28ko ohiko plenoa
Atzo, urriak 28 osteguna, ohiko plenoa izan zen Zumaiako udaletxean. Onartu egin zen azken operazio polizialaren aurrean Talde Mistoak eta EAk aurkeztutako proposamena eta herritar talde bat udaletxean izan zen Beñat Lizeagari elkartasuna adierazteko.
Hauek izan ziren gaiak eztabaidatu ondorengo bozketen emaitzak.
1- Aurreko bilerako aktaren onarpena bidezko egin zen (2010.09.30).
2- Onartu egin zen azken operazio polizialaren aurrean Talde Mistoak eta EAk aurkeztutako proposamena. Bost boto alde jaso zituen (Talde Mistoa 3, EA 1, Aralar-Alternatiba 1), bi kontra (PSE-EE) eta lau abstenitu egin ziren (EAJ).
3- Pertsonala:
3.1.- Ez zen onartu langileen lanpostuen zerrendaren aldaketa eta Ludotekako Hezitzaileen lanaldia %50etik %60ra pasatzea. Proposamenak aldeko bost boto jaso bazituen ere (Talde Mistoa, EA, Aralar-Alternatiba), kontrako sei jaso zituen (EAJ 4, PSE-EE 2).
3.2.- Aldeko bost boto jaso zituen (Talde Mistoa 3, EA 1, Aralar-Alternatiba 1) langileen lanpostuen zerrendaren aldaketak, eta Turismo eta Merkataritza teknikari-laguntzaile eta Turismoko administrari-laguntzaile plazak egokitzeak. Proposamenak kontrako sei boto jaso zituen (EAJ 4, PSE-EE 2) eta beraz, ez zen ontzat eman.
3.3.- Gizarte Zerbitzuetako administrari laguntzaile plaza bat %100eko lanaldian sortzearen aukera ere atzera bota zen. Proposamenak aldeko bost boto jaso bazituen ere (Talde Mistoa 3, EA 1, Aralar-Alternatiba 1), kontra sei jaso zituen (EAJ 4, PSE-EE 2).
3.4.- Brigadako ‘Lan-talde Arduradunaren’ lanpostua amortizatzeko langileen lanpostuen zerrendaren aldaketa ere ez zen onartu aldeko bost boto (Talde Mistoa 3, EA 1, Aralar-Alternatiba 1) eta kontrako sei jaso zituelako (EAJ 4, PSE-EE 2).
4- Hirigintza:
4.1.- Aho batez onartu zen etxebizitzetarako hiri-lurzoruan finkatutako eremu jakin batzuetan dauden aretoen erabilera hirugarren sektorekoa izatetik etxebizitzetarako izatera aldatzeko jarduerak arautzen dituen ordenantzari aurkeztutako iradokizunak, eta ordenantza behin betiko izaeraz onartu zen.
4.2.- Aho batez onartu zen ur-hornidura eta saneamendu sareak egikaritzeko araudi teknikoa behin behineko izaeraz.
4.3.- Aho batez onartu zen behin betiko izaeraz ‘Puntanoeta II’ 1 alorrean xehekaturiko ordenazioaren aldaketa, 1A, 1B, 2A, 2B, 3B, eta 4A partzelei dagokiona.
5- Gizarte Zerbitzuak:
5.1.- Aho batez onartu zen Zumaiako Gizon eta Emakumeen arteko I. Berdintasun Plana. Plan osoa webgune honetan kontsultatu daiteke, hemen klikatuta.
5.2.- Kontrako bederatzi botorekin (EAJ 4, Talde Mistoa 3, EA 1, Aralar-Alternatiba 1), atzera bota zen 2010. urterako garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza programak, gizarte sentsibilizaziozkoak eta ekintza humanitariokoak diruz laguntzeko oinarriei aurkeztutako erreklamazioa. PSE-EE abstenitu egin zen.
5.3.- Aho batez onartu ziren 2010. urterako Gizarte Zerbitzuen alorrean lan egiten duten elkarteei diru-laguntzak emateko arau-oinarriak.



