Zabalik dago XLII. Herri Lasterketako izen ematea

2026/11/23

Martxoaren 13an izango da datorren urteko herri krosa. Izen-ematea zabaldu dute dagoeneko 'kronoak.com' webgunean.

Gaurtik zabalik da Zumaiako XLII. Herri Lasterketan izena emateko epea. Proba nagusia 17:00etan jokatuko da, eta bi ibilbide izango ditu, bata 5,6 kilometrokoa eta bestea 10,2koa. 

Proba nagusirako izen ematea kronoak.com webgunean egin beharko da. 

Ordutegia:

15:45 – Alebinak: 1.050 metro (Irteera Beheko plazan).

16:00 – Infantilak: 2.100 metro (Irteera Beheko plazan).

16:10 – Kadeteak: 2.100 metro (Irteera Beheko plazan).

16:30 - Benjaminak 300 metro (Irteera Saregile plaza parean).

16:35 - Aurrebenjaminak 250 metro (Irteera Saregile plaza parean.

16:40 – Eskola adinekoen sari banaketa.

17:00 – Helduen lasterketa: 5.100 metro eta 10.200 metro (Irteera Beheko plazan).

Urtea lasterka amaitzeko

Herri lasterketaren izen ematea zabaltzearekin batera, San Silvestre lasterketaren xehetasunak eman ditu Udalak. Haurrak izango dira lasterka egiten lehenak:lehenengo, LH1etik LH4ra bitarteko ikasleek hartuko dute parte, Oxford paretik Eusebio Gurrutxaga plazaraino. Ondoren, LH5 eta LH6koek egingo dute ibilbidea, plazatik Aita Mari taberna pareraino; eta, azkenik, DBH1 eta DBH2koek, Paoleraino.

11:30ean Nordic Walking saioa egingo dute, eta 12:00etan helduen txanda izango da. Parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar: ikastetxean edo kiroldegian jasoko den txartela bete eta egunean bertan aurkeztu beharko da. Parte hartzaile guztiek txorizo egosia eta salda jasoko dituzte, eta Gertu elkarteko bonoak ere zozkatuko dituzte.

2027ko Flysch Trailak badu data

Dagoeneko zehaztu du Udalak datorren urteko Flysch Trail lasterketaren data: urriaren 2an izango da. Izen ematearen inguruko xehetasunak laster emango dituzte.