Zarauzko Etengabeko Arreta Gunea (EAG/PAC) zabalik eta beharrezko baldintzetan mantentzeko eskaera igorri dio Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari
Ekaineko ohiko osoko bilkuran udalbatzak aho batez onartu zuen Zarauzko anbulategiko langile baten aurkeztutako mozioa. Udalak Eusko Jaurlaritzari igorri dio testua.
EH Bilduk Zarauzko anbulategiko langile baten aurkeztutako testua eraman zuen ekaineko ohiko osoko bilkurara. Udalbatzak aho batez eman zion baiezkoa testuari, eta, bertan agintzen den eran, Zumaiako Udalak aurreko astean igorri zuen testua Eusko Jaurlaritzara.
Onartutako mozioan honakoa da eskatzen dena: larrialdiko hiru estamentuak uneoro mantentzea (medikua, erizaina eta administrazioa), eta, Etengabeko Arreta Gunea inoiz ez ixtea. Zarauzko abulategiak kokatutako zerbitzu honek larrialdiak artatzen ditu, astean zehar 17:00etatik 08:00etara, eta jai-egun eta asteburuetan 24 orduz. Larrialdiren bat izanez gero, zumaiarrek Zarautzera jo behar izaten dute. Horrenbestez, herriko anbulategiekin batera, Lehen Arretaren oinarrizko zutabe dira.
Zarauzko anbulategiko langile batek hitza hartu zuen mozioa aztertu aurretik: "Urteak dira tarteka medikurik ez dagoela Zarauzko Etengabeko Arretako Gunean; erizainak eta zelariak bakarrik gelditzen gara batzuetan, eta gero eta gehiago gertatzen ari da", salatu zuen. Haren esanetan egoera bereziki larritzen da asteburuetan eta jaiegunetan.
Uda honetan egoerak okerrera egin duela eta egingo duela ere esan zuen; "Zarautzera joan zaitezke larrialdietara, eta oso posible da medikurik ez egotea". Halaber, nabarmendu zuen, beharrezko osasun arreta emateko ezinbestekoa dela osasun-arloko hiru estamentuak bertan egotea: medikuak, erizainak eta administrazioa.
Mozioa ahobatez onartu bazen ere, gaiak eztabaida sortu zuen osoko bilkuran. Irakurri hemen ZUMAIA GUKAk egindako kronika.
Honakoa da osoko bilkuran onartutako testua:
Larrialdi anbulatorioko (EAG) egoerak okerrera egin du duela urtebetetik gutxi gorabehera; izan ere, larunbat, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 21:00etara lan egiten zuen bigarren medikuaren (mediku titularra indartzera zetorren medikua) falta nabaritzen hasi zen.
Orain, bigarren medikua ia ez da existitzen eta, gehienetan, mediku bakarra aritzen da lanean.
Horrez gain, Aste Santutik aurrera, egun askotan, guardia tarte batean, edo baita guardia osoa ere, medikurik gabe egoten da zerbitzu hau, eta erizaina eta zeladorea dira larrialdi-anbulatorioa artatzen duten bakarrak.
Egoera horren aurrean, honakoa eskatzen diogu Zumaiko Udaları:
- Eusko Jaurlaritzari eskatzea larrialdiko hiru estamentuak une oro mantentzeko familia medikuntza, erizaintza eta administrazioa
- Eusko Jaurlaritzan eskatzea EAG ez inoiz ixteko, hau da, astelehenetik ostiralera 17.00etatik 08:00etara, eta asteburu eta jai egunetan 09:00etatik 09:00etara (24 ordu) mantentzea.
- Eskaera hauek Eusko Jaurlaritzako osasun sailari helaraztea