Zumaia Visa Txartela aurkeztu du Gertu elkarteak

2019/09/19

Merkataritza txikiari bultzada ematearekin batera, herritarrentzat abantailak eskaintzea du helburu txartelak. Gaurtik aurrera, formulario bidez eskatuta eskuratu daiteke.

Gertu Merkatari eta Ostalari elkarteko ordezkariek Zumaiako Visa Txartela aurkeztu dute. Beraiekin batera izan dira Alex Oliden zinegotzia, Iñaki Osa Goikoetxea zesta puntalaria eta Lucia Lacarra dantzaria. Azken bi horiei lehen bi txartelak eman dizkiete Gertu Elkarteko kideek.

Proiektu berri honekin merkataritza txikia indartu nahi dute, herritarrei abantailak eskaintzearekin batera. Gaurtik hasita, urriaren 31ra bitartean, Zumaia Txartela zabaltzeko kanpaina jarriko dute martxan.

Merkataritza txikiaren aldeko apustua

Gertu Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, “herriko merkataritza desberdinen batasunean” jarri nahi dute indarra, batasun horretatik merkataritza txikiak herriari eta herritarrei egin diezaiokeen ekarpena nabarmenduz. Proiektu honekin, indarrak bildu nahi dituzte merkatari eta ostalariek. Zentzu horretan, elkartera batzeko gonbidapena luzatu diete elkarteko kide ez diren gainontzeko merkatari eta ostalariei. Era berean, herritarrei proiektura gehitzeko deia egin diete, Zumaia Visa txartela “eskuratuz eta honakoa erabiliz”.

Zumaiako Udalak merkataritza txikiaren aldeko apustua nabarmendu nahi izan du eta Gertu elkartearekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du.

Herritarrentzat abantailak

Zumaia Visa Txartela duten herritarrek hainbat abantaila izango dituzte: deskontuak, erosketa baleak, sariak edota opariak, besteak beste. Bestalde, orain arteko fidelizazio sistema edukitzen jarraituko du txartel berriak. Zumaiako Visa Txartel berriaren ordezkapena egin edo txartel berria eskatzen duten lehen 1.200 bezeroei 10 euroko bonoa oparituko zaie elkarteko saltokietan erabiltzeko.

Txartel berri honek edozein VISA txartelek dituen ezaugarri eta abantaila berdinak izango ditu.

Nola eskuratu txartela

Eskaera egiteko formulario bat bete beharko da. Formularioa NANaren fotokopiarekin batera entregatu beharko da honako elkarteko saltokietan edo Rural Kutxaren bulegoan. Elkarteko web-orrialdearen bidez ere egin daiteke eskaera: http://zumaiagertuelkartea.eus. "Txartel zaharra dutenek, eskuorria eta NAN fotokopiarekin batera, hori ere erakutsi beharko dute trukea egiteko", azaldu dute. Azken horiek azaroaren 30a arte erabili ahal izango dute txartel zaharra.