Zumaiak tasa turistikoa ezarriko du 2027tik aurrera

2026/09/25

Udalak turismoaren ondorioz sortzen diren udal zerbitzu eta azpiegituren kostuen zati bat jarduerarekin berarekin finantzatuko du 2027tik aurrera. Udal Gobernuak PSE-EEren babesarekin onartu du neurria.

Zumaiako Udalbatzak tasa turistikoa ezartzea onartu du, EH Bilduren udal gobernuak aurkeztutako proposamenaren arabera. Neurriak PSE-EEren aldeko botoak jaso ditu eta EAJ abstenitu egin da. Tasa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta turismoaren jarduerak udalerrian sortzen dituen behar eta kostuen zati bati aurre egiteko baliabideak lortzea du helburu.

Tasa ostatu turistikoetan egiten diren egonaldiei aplikatuko zaie, foru araudiak ezarritako baldintzen eta tarteen arabera. Zumaiako Udalak araudiak ahalbidetzen dituen gehienezko zenbatekoak aplikatzea erabaki du, udalerrian turismoak duen pisua eta azken urteotan jardueraren presioa urteko sasoi gehiagotara zabaltzen ari dela kontuan hartuta.

Unai Larrañaga Ogasun zinegotziaren arabera, "turismoaren gaineko zerga EH Bilduk aspalditik eskatu duen tresna da", eta bere helburua "turismoak gure herrietan sortzen dituen kostuen zati bat finantzatzeko baliabideak izatea" da, "kostu horiek herritarren gain soilik gera ez daitezen".

Zentzu horretan, Zumaiako Udalak turismoaren jarduerak udalerrian duen eraginarekin lotutako hainbat gastu eta behar aipatu zituen. Besteak beste, Mugikortasun Planeko ekintza-plana garatzeko neurriak, TAO sistema, kanpo-aparkalekuak eta seinaletika, Udaltzaingoaren errefortzuak eta komun publikoen berritzea daude, baita turismo-presioak udal zerbitzuetan sortzen dituen bestelako beharrak ere.

Tasa turistikoaren zenbatekoa

Udalbatzan, EAJ abstenitu egin zen, besteak beste, Udal Gobernuak foru araudiak ahalbidetzen dituen gehienezko zenbatekoak aukeratu dituelako.

Horren aurrean, Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak azaldu zuen foru araudiak ezartzen dituen tarteen erdiko zenbatekoaren eta gehienezkoaren arteko aldea hiru euro ingurukoa dela. Udal Gobernuaren arabera, beraz, gehienezko tarifa aplikatzeko erabakia ez da neurriaren izaera edo helburua aldatzen duen alde handia, baizik eta turismoaren presioak Zumaian duen eragina kontuan hartuta hartutako erabakia.

Larrañagak azpimarratu zuen, gianera, tasa ezartzea "erabaki kontzientea" izan dela. "Zumaia herri turistikoa da, turismoaren presioa gero eta gehiago urte osora zabaltzen ari da", adierazi zuen.

Turismoaren kostuak eta onurak orekatzea

"Turismoa modu orekatu eta jasangarrian kudeatu nahi dugu, turismoaren onurak aprobetxatuz, baina sortzen dituen kostuen zati bat jarduera horrek berak ere bere gain hartuz", aipatu zuen Larrañagak osoko bilkuran.

Etxebizitza turistikoen kasuan, tasa 6,50 eurokoa izango da pertsonako eta eguneko, araudiak ezarritako gehienezko zenbatekoaren arabera. Adingabeak ez dira tasaren subjektu izango, eta tasa gehienez sei egonaldi egunetan aplikatuko da. Gainerako ostatu motetan, aplikatu beharreko zenbatekoa ostatuaren kategoriaren arabera zehaztuko da. Tasa ostatuen titularrek kudeatu eta dagokion likidazioa egingo diote Udalari.

Zumaiako Udalaren aurreikuspenen arabera, tasa turistikoak urtean 180.000 euro inguruko diru sarrerak ekarriko ditu. Baliabide horiek turismoarekin lotutako udal zerbitzu eta azpiegituretara bideratuko dira. Neurria prestatzeko prozesuan, Udalak Zumaiako turismo-sektoreko eragileekin bilerak egin ditu, proposamenaren berri emateko eta haien ekarpenak jasotzeko.

Tasa turistikoaren ordenantza gainerako ordenantza fiskaletatik aparte izapidetuko da, eta Osoko Bilkuraren hasierako onarpenaren ondoren dagokion jendaurreko informazio-aldia egingo da.