Zumaiako antzinako kanpoko dikea
Pentsatu baino beranduago, baina jadanik hasi dira Zumaiako barradera edo kanpoko dikea konpontzeko lanak. Azken itsasaldi bortitzak kalte handiak eragin zituen Urolako itsasadarreko sarreran eta denbora luzez egon da barrako pasealekurako bidea itxita. Gune kaltetuenetariko bat antzinako barraren zatia izan zen. Hori dela eta, oraingoan, Zumaiako barraren lehen zati hura eraiki zeneko informazio bila joan gara udal artxibora.
Zumaiako porturako sarrera beti izan da arriskutsua. Gogoratu behar dugu, antzinako portua egungo Amaiako plazan kokatzen zela eta kanpoko dikerik gabe itsasontziek gorriak ikusten zituztela bertara iristeko. Tarte honetako aurreko idatzi batean aipatu genuen nola itsasontziek atoian sartu eta irten behar izaten zuten itsasadarretik.
Gune arriskutsuena Aitzabalgo uharria zen, gehienetan olatuen erasoen menpe egoten zena. Hura izaten zen Zumaiako portura iritsi nahi zuten itsasontziek saihestu beharreko lehen oztopoa. Behin hori atzean utzita Puntako Haitza topatzen zuten aurrez aurre. Haitz hau itsasadarraren erdian kokatzen zen eta korronte bortitzak eragiten zituen.
Hasiera batean, nabigazioa hobetzeko, aipatutako arriskuak seinaleztatu ziren. Lehenik itsasargia eraiki zen. Honek itsasadarreko sarrera non dagoen adierazten du 1870. urtetik. Ondoren Aitzabalgo uharria seinaleztatzeko baliza bat eraiki zen, 1881ean. Honek nabarmen hobetu zuen egoera, sarrerako arriskuak agerian uzten baitzituen, baina ez zen nahikoa.
Hau dela eta, XIX. mendeko laurogeigarren hamarkadan, merkataritza moila eta kanpoko dikea eraikitzeko erabakia hartu zen. Urte haietan Frantzisko Lafargak aurkeztutako egitasmoaren helburu nagusiak ibaiko kanala bideratzea, Aitzabalgo uharria itsasadarreko sarreratik banantzea, mendebaldeko olatuak saihestea eta itsasontziei sarrera egokia eskaintzea ziren. Horretarako diseinatu zen Zumaiako kanpoko dikea.
Frantzisko Lafargak 1883 eta 1885 bitartean garatu zuen Zumaiako itsasadarrean egin beharreko lanen egitasmoa. Honek Errepide, Kanal eta Portuetako Aholkulari Batzordearen berrikuspena jasan zuen eta, zenbait aldaketa eginda, 1887an onartu zen. Besteak beste, ondorengo lanak zehazten ziren:
- Arbustaingo irlatxotik itsasargiaren azpian kokatzen zen Puntako Haitzeraino ibaia bideratzeko 590 metro zituen dikea eraikitzea.
- Puntako Haitzeko zabalgunea egitea (Kresala eta kanpoko dikeko sarreraren artean).
- Itsasadarraren sarrera bideratzeko Puntako Haitzetik itsasorako 150 metroko kanpoko dikea egitea.
- Kanpoko dikearekin bat egingo zuen 93,50 metroko kai-muturra altxatzea.
Kanpoko dikeak eta kai-muturrak ibaiko korronteak gidatzea zuten helburu, mendebaldeko erribera bideratuz. Gainera, bihurgune formako kai-muturrak itsasontziak ipar-mendebaldeko denboraleetatik babestu eta olatuak geldiarazi eta bokaletik desbideratuko lituzke. Hau horrela, Lafargaren lehen egitasmoan proposatzen zen olatu desbideratzailea ez egitea erabaki zen, diseinatutako kai-muturrak itsasadarreko nabigazioa nahikoa hobetuko zuelakoan.
Lafargaren proiektuan lanak burutzeko beharrezko materiala zorrozki zehazten zen. Artxiboan gordeta dagoen proiektu horretan adibidez, erabili beharreko harrien eta zementuaren ezaugarriak agertzen dira. Horrela, harriak hareharri edo kareharri tinkoa zuten harrobietatik atera behar ziren, eta harri-lubetak nolakoak izan behar ziren ere zehaztuta zegoen, beteko zuten funtzioaren arabera: gainean estrukturaren bat izango zuten harri-lubetak eraikitzeko, harriek gutxienez metro kubiko baten laurdena izan behar zuten; aldiz, harri-lubeta betelan edo babes gisa erabiltzeko bazen, 25 kilo izatearekin nahikoa zen; harri-horma egiteko harriek 35-50 zentimetro bitartekoak behar zuten eta abar. Bestalde, dikearen azpialdean eta zimenduetan, harriak elkarri lotzeko erabili beharreko zementuak lehortze azkarra izan behar zuen. Hori Zumaian ez zen arazoa, izan ere, mota horretako zementua ekoizten espezializatutako herria baitzen; Zemento Zumaya izeneko zementu naturala hain zuzen. Beraz, lanak burutzeko behar zuten materiala inguruan eskuragarri izan zuten.
Lan hauek Frantzisko Aierdi ingeniariak gauzatu zituen. 1893ko otsailerako Arbustain eta Puntako Haitzaren arteko dikea eta zabalgunea bukatuak zeuden. Ibaiaren erdian agertzen zen Puntako Haitza ere mozten hasiak ziren. Kanpoko dikeko lanak, ordea, atzeratu egin ziren eta 1896 arte ez zuten zati hori bukatzea lortu. Aurrerago, 1927an, Zumaiako itsasadarreko sarrera nahikoa hobetu ez zela ikusirik, kai-muturrari beste dike zati bat gehitu zitzaion eta itsasadarrean sartzen zen Puntako Haitza gehiago moztu zen.
Azken obra hauetarako, kanpoko dikeraino beharrezko materiala eramango zuen tren txiki bat jarri zen martxan Arbustainetik Puntako Haitzera. Hau meategietan erabiltzen zirenen antzekoa zen, lokomotora txiki bat eta atzean materiala garraiatzeko bagonetak. Rafael del Pilarrek idatzi duen “Arrangoleta 1945-1951 Memorias de un Barrio” liburuan agertzen denez, itsasargiaren azpiko zabalgunean Aitzabaldik ateratako harriei forma egokia ematen zitzaien, baita zementuzko blokeak egin ere. Hau horrela, pentsatzekoa da Lafargaren proiektua gauzatu zeneko harriak ere Inpernupe ingurutik atera zituztela, are gehiago egin beharreko lanetako bat Puntako Haitza moztea izan zela aintzat hartuta. Litekeena da, haitz mutur hori moztetik lortutako harria ere dikea altxatzeko lanetan erabili izana.
Ez zen azkenengo aldia izango Aitzabal, Inpernupe eta Malparaje inguruak harria lortzeko erabiliko zirena. Aipaturiko lan hauen ondorioz, bokalean ibaiak ekarritako hondar eta limoak pilatzen hasi ziren. Hori ekidin nahian, 1935ean, itsasadarraren beste aldean harri-lubeta bat eraikitzea erabaki zen. Lan hauetarako beharrezko harria Inpernupe eta Malparaje inguruetatik atera zen. Orduan ere, aurreko lanetan bezala, harrobi horietatik ateratako harria garraiatzeko tren txiki bat ezarri zen. Honek, paraje horretatik ibairaino garraiatzen zuen materiala eta, bertan, gabarretan zamatzen zen ibaiaren beste aldera eramateko. Gaur egun ikusgarria izango litzateke horrelako muntaia bat. Imajinatzen duzue egiten ari diren kanpoko dikearen konponketa horrela egin beharko balitz?
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)
*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.
Albiste erlazionatuak
Artxiboa
- Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak II: San Pedro Parrokiako San Anton kapera 2017/11/27
- Sepulturak komunitate baten ispilu zirenekoak I: San Pedro Parrokiako San Bernabe kapera 2017/11/09
- Zementu naturalaren ekoizpenari buruzko aztarnen bila 2017/10/04
- Istiluak Zumaiako nasen inguruan 2017/06/01