Zumaiako Udal Liburutegiak itxita jarraituko du Jaurlaritzaren baimena iritsi bitartean

2020/05/19

Zumaiako Udala Eusko Jaurlaritzaren baimenaren zain dago liburutegiko zerbitzuak pixkanaka martxan jartzeko. Maileguak itzultzeko epea ekainaren 15era arte luzatu zutela ere oroitarazi dute.

Zumaiako liburuzainek prest dute liburutegiko zerbitzuak martxan jartzeko fasekako protokoloa, baina oraindik ez dute horretarako Jaurlaritzaren baimenik jaso. Baimena eduki bezain pronto herritarrei jakinaraziko dizkiete liburutegiko zerbitzuak erabiltzeko jarraibideak.

Horrez gain, maileguak itzultzeko epeak ekainaren 15era luzatuta daudela adierazi dute liburuzainek.

Maileguak itzultzeko aukera

Tarte honetan, herritarrek liburuak eta bestelako maileguak itzuli ditzakete Alondegiko sarrerako postontzian utzita. Izan ere, gaurtik irekita dago Alondegiko igogailua, eta ondorioz, baita sarrera ere. Edozein kasutan, ez da beharrezkoa itzulketarik egitea, maileguak itzultzeko epeak ekainaren 15era arte luzatu zituztelako.

Liburuak itzultzekotan, Alondegiko sarrerako postontzian utzi beharko dira. Horretarako, liburua postontzian sartu aurretik eta ostean, igogailuaren ondoan dagoen xaboiarekin eskuak garbitu beharko dituzte herritarrek.