Zumaiako Udalak aplikazio berria aurkeztu du herritarrei informazioa eta zerbitzuak gerturatzeko

2026/07/02

Zumaiako Udalak pauso berria eman du herritarren eta udalaren arteko komunikazioa hobetzera bidean. Aplikazio berria jarri du martxan, herriko informazioa eta udal zerbitzuak modu erraz, azkar eta erosoan eskuratzeko. Hemendik aurrera, udal webgunea eta aplikazioa izango dira kexak eta iradokizunak online aurkezteko bide bakarrak.

Aplikazio berriaren bidez, herritarrek udalaren informazio nagusia eskuratu ahal izango dute edozein lekutatik. Albisteen atalean udaleko oharrak, proiektuak, kanpainak eta interes orokorreko informazioa argitaratuko dira, herritarrek unean uneko berritasunen berri izan dezaten. Era berean, Agenda atalak herrian antolatzen diren ekitaldi, kultura jarduera, kirol ekimen eta bestelako hitzorduen informazioa jasoko du, herritarren parte-hartzea eta informaziorako sarbidea erraztuz.

Kexak, aplikazioaren eta webgunearen bitartez

Horrez gain, aplikazioak herritarren parte-hartzea eta Udalarekiko komunikazioa errazteko tresna berri bat ere eskaintzen du: Kexak eta iradokizunak zerbitzua. Atal horren bidez, herritarrek kalean edo udal espazioetan antzematen dituzten mantentze-lan txikiak eta bestelako gorabeherak zuzenean jakinarazi ahal izango dituzte. Besteak beste, hondatutako bankuak, argirik gabeko farolak, zuloak edo garbiketa-beharrak modu erraz eta azkarrean helarazi ahal izango dizkiote Udalari.

Jakinarazpen horiek ez dira aplikazioaren bidez bakarrik egin ahal izango; Zumaiako Udalaren webgunearen bidez ere bidali ahal izango dira, horretarako prestatutako formularioa betez. Webgunean, zerbitzu horretara iristeko bi bide izango dituzte herritarrek: orriaren oineko Kontaktua ataletik edo Herritarren Arreta Zerbitzua atalaren bidez.

Kexak eta iradokizunak jasotzeko zerbitzua aplikazioan eta udal webgunean martxan jartzearekin batera, Udalak bertan behera utzi du WhatsApp bidezko arreta-zerbitzua. Hori dela eta, hemendik aurrera kexak eta iradokizunak online aurkezteko bide bakarrak aplikazioa eta udal webgunea izango dira.

Udalaren helburua da herritarren beharrak eta gorabeherak azkarrago jasotzea, udal zerbitzuen kudeaketa eraginkorragoa egitea eta, aldi berean, herritarren parte-hartzea eta Udalarekiko komunikazioa indartzea.